Gai-jartzaileak saretzeko dinamika jarriko dugu martxan

2021/03/04
Gai-jartzaileak trebatzeko lan saioak egiteaz gain, bertso emanaldietan aritzeko prest daudenen zerrenda ere egunean jarriko dugu Lanku Kultur Zerbitzuekin. Horretarako, interesdunek bete beharreko galdetegia prestatu dugu.

Bertsolariekin partekatzen du oholtza gai-jartzaileak jaialdietan. Hark egiten die harrera zaleei eta bertsolariei, eta egoeraren eta aldartearen arabera bideratzen du bertso saioa batera ala bestera. Garrantzia handia du gai-jartzaileak emanaldiaren arrakastan ere, eta Euskal Herriko osoko gai-jartzaileei zuzendutako dinamika abiatuko dugu.

Egin izan ditugu formazio saio berezituak, eta bide horretan jarraitzea da asmoa; esate baterako, duela hilabete eskas gauzatu genuen Ez da kasualitatea emanaldietarako gai-jartzaileentzako ikastaldia. Modu honetan, besteak beste, gai-jartzaileak elkartzeko eta saretzeko urrats handia egingo dugulakoan gaude.

Lanku Kultur Zerbitzuen bitartez antolatzen diren bertso emanaldietarako gai-jartzaileen zerrendak ere egunean jarri nahi ditugu. Horretarako, eta aurrerantzean elkartetik zein Lankutik izango diren jardueretan aintzat hartzeko, gai-jartzaile interesdunentzako galdetegia prestatu dugu. Eskertuko dugu martxoa amaitu baino lehen betetzea. 

Sakatu HEMEN galdetegia betetzeko.

Gai-jartzaileak elkartzeko eta saretzeko urrats handia izango delakoan gaude. / XDZ