Gai-jartzaile Eskolako saioa, Bertsoan

2015/05/12
Iragan asteburuan hasitako Plazatik Gaztetxera eta Gipuzkoa Bertsotan ere jorratuko ditu sareko plaza digitalak.

Plazan jazotakoa sarera ekartzen du Bertsoak, eta pasa den asteburua bertso-saioei dagokionez oparoa izan dela kontuan hartuta, edukiz beteta dator aste honetan ere.

Pasa den larunbatean amaiera eman zitzaion Gai-jartzaile Eskolari, Amasa-Villabonako Gurea aretoan eskainitako bertso-saioarekin. Amets Arzallus, Andoni Egaña, Igor Elortza, Ane Labaka, Maialen Lujanbio eta Aitor Sarriegi aritu ziren bertsotan, gai-jartzaile eskolan ibilitako lagunek prestatutako gaietatik abiatuz. Oholtzan botatakoak zintzilikatu ditu Bertsoak bere atarian, eta Gai-jartzaile Eskolaren inguruko xehetasunak ere ekarriko dituzte aste honetan, ikasle izandako Inaxio Usarralde eta Onintza Garciari egindako elkarrizketaren haritik.

Maiatzaren 9an abiatu zen Gipuzkoa Bertsotan. Sailkapena hasi da itxura hartzen, kantatu duten 38 bertsolarien artean lehen puntuak banatu ostean. Astigarragan, Idiazabalen eta Oiartzunen izan ziren saioak eta horietan bildutako bertsoaldi onenak bilduko ditu sareko plaza digitalak. Gainera, Gipuzkoako Txapelketako sailkapen faseari jarraipena egingo dio Bertsoak, hurrengo saioen nondik norakoak ere aurreratuz.

Ostiralean, berriz, Plazatik Gaztetxera egistamoari ekin zitzaion Soraluzen, eta bigarren saioa larunbatean izan zen Mutrikun. Lehen bi saio hauetako emaitzak eta bikoteek eskainitako bertsoaldi onenak izango dira ikusgai eta entzungai bertsoaren atarian. Guztira zazpi saio izango dira txapelketan, ekainaren 13an Markina-Xemeinen amaitzen den arte, eta Bertsoak hurbiletik jarraituko ditu saio guztiak. Bertsomoviedaren berri ere jaso du, eta ostiralean Beasaingo Igartza jauregian izandako sari banaketaren nondik norakoak ikusgai dira.

Astea biribiltzeko, atzera begirako ariketa egin eta duela zenbait urte eskainitako saioa berreskuratuko du Bertsoak. Maiatzaren 15a San Isidro Eguna dela hartuko da aitzakiatzat horretarako. Bertsolaritzaren lehengo eta oraingo kontuak ezagutzeko, beraz, sar zaitez Bertsoan, sareko plaza digitalean.

Bertsoa, sareko plaza digitala