Gabiria eta bertsolaritzari buruzko ikerketa proiektua ezagutuko dugu urriaren 1ean

2021/09/22
Eresti Oiarbide eta Maialen Akizu buru dituen gabiriar taldeak gauzatuko du ikerketa. Kilometroak Kultur Elkarteak eta Mintzola Ahozko Lantegiak elkarlanean deitutako bigarren beka deialdiaren proiektu sariduna da.

Gabiriako bertsolaritza eta bertsolaritza Gabirian ikerketa proiektuaren nondik norakoak ezagutuko ditugu urriko lehen egunean, Ordizian; Barrena Jauregian izango da hitzordua, 17:30ean. Eresti Oiarbidek eta Maialen Akizuk gauzatuko dute proiektua, Gabiriako beste zenbait bizilagunekin batera. Proposamenak Kilometroak Kultur Elkarteak eta Mintzola Ahozko Lantegiak elkarlanean eskainitako bigarren beka eskuratu du, aurtengo deialdikoa, eta orain urtebeteko epea izango dute proiektua dena ikerlan bihurtzeko.

"Gabirian bertsoarekiko afizioak izan duen lekua belaunaldiz belaunaldi transmititu da, beste oso leku gutxitan bezala" azaldu dute egileek proiektuan. Horregatik, "Gabirian bertsoak izan duen eta duen leku kurioso bezain adierazkorra" aztertu nahi dute; bai Gabiriako bertako bertsolaritza, eta baita Gabirian bertsolaritzak eta bertsolaritzaren barruan Gabiriak izan duen pisua ere.

Herritarren arteko harremantzea indartzeko eta euren parte-hartze aktiboa sustatzeko ere baliatu nahi da Gabiriako bertsogintzaren eta bertsozaletasunaren azterketarako lan hau. Izan ere, belaunaldi ezberdinetako gabiriarrak taldean ariko dira Akizurekin eta Oiarbiderekin lanean.

Bestalde, ikerketa garatzeko, bertsolaritza eta Gabiria lotzen dituen anekdota, bertso, argazki eta antzerakoak jaso nahi dituzte. Horretarako, posta elektroniko bat ere jarri dute eskuragai: gabiribertso@gmail.com helbidea.

Xehetasun gehiago ezagutu nahi? Urriaren 1ean, 17:30ean, Ordiziako Barrena Jauregian elkartuko gara. Ondoren, 19:00etan, kultur emanaldia izango da Ordiziako herri antzokian Kilometroen eskutik, eta tartean izango da bertso saioa: Igor Egurenen gaiei erantzuten ariko dira

Maialen Akizu da proiektuaren egileetako bat. / XDZ