Ezinbesteko tresna

2021/06/10
"Komunikaziorako berezko sena izanik, Elkartea sortzea erabaki zenean, argitasun handiz marraztu ziren oinarriak". Estibalitz Esteibar Iriondo Bertsozale Elkarteko Komunikazio Saileko arduraduna da; "Bertsozale Elkartea Gero(r)a Mugitzen" aldizkarian idatzitakoa berreskuratu dugu blogean.

Komunikazioa da bertsolarien langintza. Sormena eta intuizioa lagun, ideiak komunikatzen abilak dira, gizartean sentimenduak, pentsamenduak eta, zenbaitetan, eraldaketak eraginez.

Komunikaziorako berezko sena izanik, Elkartea sortzea erabaki zenean, argitasun handiz marraztu ziren oinarriak.

Eremu publikoari dagokionez, bertsolari eta Elkarteko kide bakoitzak bere ideologia eta iritziak komunikatzeko askatasun osoa izan arren, mugimendu gisa, gainontzeko agente egituratuekiko -alderdi politiko, sindikatu, gizarte eragile…-, autonomiaz funtzionatzea adostu zen.

Gizartearen gorabeheren aurrean, lemari eustea ez da beti erraza izan, eta, hala ere, ahots askoren bilgune den mugimendu honek asmatu du barne eta kanpo tentsioak kudeatzen. Hiru hamarkadako ibilbide arrakastatsua da horren adibide.

Ikusgarritasunari dagokionez, hastapenetik, telebista saio batek bertsolaritzaren biziberritzean izan zezakeen eraginkortasunari buruzko intuizioa izan zuen. Bidean EITBk eta Elkarteak elkar ulertzeko egindako ahaleginaren emaitza da Hitzetik Hortzera telebista programa beterano eta, aldi berean, gaztea. Ez da izan ikus-entzunezkoen alorrean egindako apustu bakarra, ardatz estrategikoa dela zinez sinetsita ari baikara lanean.

"Izaera konplexu horri esker da Elkartea hain emankorra, eta alde guztien arteko etengabeko komunikazioaren joan-etorria da arrakastarako giltza"

Bertako zein atzerriko hedabideekin lankidetzan ari gara, bertsolaritzaren proiektua zabaltzen: ezinbesteko bidelagunak ditugu, eta bihoakie gure eskerrik beroena.

Interneterako jauzira egokitu eta zerbitzu askotarikoa eskaintzeko hainbat atari garatu eta etengabe elikatzeko baliabideak jarri izana adierazgarria da, baita profesionalez osatutako hedapenerako eta komunikaziorako sailak garatu izana ere.

Eremu publikoa bezainbeste edo gehiago zaindu du Elkarteak barne kohesioa. Egitura konplexua du: erakunde, lurralde, rol, genero, belaunaldi, ahots… anitzeko mugimendua da. Izaera konplexu horri esker da Elkartea hain emankorra, eta alde guztien arteko etengabeko komunikazioaren joan-etorria da arrakastarako giltza.

Oinarriak sendo izan arren, kanpo zein barne komunikazioan lema etengabe berrikustea ezinbestekoa da. Egin berri den gogoeta estrategikoan, hobetu edo garatu beharreko lan lerroak identifikatu ditugu, eta hasiak garabide horiek urratzen… komunikazioa ezinbesteko tresna baita.