Eskolarteko finalek emandako onena, Bertsoan

2015/04/27
Nafarroako eta Gipuzkoako Eskolarteko finalak izan ziren iragan asteburuan eta emanaldietan bildutakoak eskainiko ditu Bertsoak.

Eskolarteko saioetan erabat murgilduta daude bertsolari gazteak. Euskal Herriko Eskolarteko Bertsolari Txapelketa jokatuko da Orion eta aurrez, herrialde bakoitza berea gauzatzen dabil. Nafarroako eta Gipuzkoako finalak egin ziren pasa berri den asteburuan eta Bertsoa han izan zen, bertsolari gazteek bota zituzten bertsoaldiak biltzeko.

Apirilaren 24an gauzatu zen Nafarroako Eskolarteko finala Iruñeko Zaldiko Maldiko elkartean. Joanes Illarregik jantzi zuen txapela, eta bera izango da Maddalen Lopezekin batera Nafarroaren ordezkari Euskal Herriko Txapelketan. Apirilaren 26an izan zen, berriz, Gipuzkoakoa: Iñigo Ibañez eta Paul Iruretagoiena geratu ziren lehen eta bigarren postuan. Ehunka lagun biltzen dira egitasmo honen inguruan: haur eta gazteei euren neurriko saioak eskaintzea, adinkideekin harremanak egitea eta noski, bertsotan aritzeko motibazioa piztea da Eskolartekoen helburu.

Xenpelar Dokumentazio Zentroaren laguntzaz, Bertsoak ere atzera egin ohi du ostiralero aurreko urteetako bertsoak berreskuratuz. 2004an, Bergarako Alkartasuna Elkartean, Anjel Mari Peñagarikanok eta Xabier Amurizak eskainitako bertsoaldia izango da ikusgai aste honetan. Langileen Egunaren gainean aritu ziren orduan koplatan, soinujoleekin batera.

Bertsoaren ataria