Eskolarteko bazkarirako txartelak eskuratzeko epea ostiralean amaituko da

2015/06/17
Txartelak www.bertsosarrerak.eus webgunean erosi ahal izango dira. Gainera, Eskolarteko egun handira hurbiltzeko autobusak ere antolatuko dira herrialdeetatik.

Ekaineko egutegia amaitzen ari zaigun neurrian, gero eta hurbilago dago Eskolarteko egitasmoaren azken hitzordua. Ekainaren 27an, Orion izango da Eskolarteko final eta festa handia eta egitarau zabala dago prest.

Egitarau oparo horren baitan bazkaria eskainiko da plazan eta txartelak salgai daude ostirala bitarte, www.bertsosarrerak.eus webgunean. Herrialdeetatik autobusak antolatuko dira eta autobusean etorri nahi duenak harremanetan jarri beharko du dagokion herrialdeko Bertsozale Elkartearekin.

Eskolarteko XXVII. edizio honetan Euskal Herri osoko 15-18 urte bitarteko 112 gaztetxo aritu dira azken hilabete hauetan. Aurtengoari behar bezalako amaiera emateko, Eskolarteko finalaz gainera hamaika ekintza prestatu dira: Maialen Lujanbio Zugasti eta Sustrai Colina Acordarrementeria bertsotan ariko dira bazkalostean, eta gero Keshala eta Bi Bala taldeak.

Eskolarteko azken hitzorduan parte hartuko duten bertsolariak