Ekosistema

2021/05/27
"Ekosistema lurtarra da, hazkuntza gogoetaren mende jartzen jakin duelako; eta urtarra izaten daki, testuinguru berrira egokitzen delako, ura bezalaxe, zirrikitu bakoitza bustiz. Baina, ezer izatekotan, gure ekosistema humanoa da". Oihana Iguaran Barandiaran, Bertsozale Elkarteak hezkuntzan duen egitekoari buruz. "Bertsozale Elkartea gero(r)a mugitzen" aldizkarian idatzitakoa blogean berreskuratu dugu.

Elkartearen Hezkuntza sailak bertsolaritzaren ekosistema osoa elikatu behar du; hori du bere egitekoa. Bertsozale Elkarte osoaren ardura da bertsolaritza geroratzea, eta Hezkuntza sailari dagokio horretarako ekosistema garatzea: hasi bertsozaleetatik eta antolatzaile, epaile, gai jartzaile, hezitzaile, borondatezko langile edo bertsolarietaraino.

"Kontzientzia eta ardura dira gozamenari jartzen dizkiogun abizenak; aisialdiko sukaldariak ere hezitzaile direlako, gure ekosisteman"

Ekosistema "ingurune jakin bateko osagai fisiko eta bizidunek eta elkarren arteko harremanek osatzen duten sistema" da ohiko definizioan, lurtarra edo urtarra izan litekeena. Gure ingurune jakina euskalgintza eta kulturgintza lirateke, hizkuntzatik abiatuagatik; ekosistema lurtarra da, hazkuntza gogoetaren mende jartzen jakin duelako; eta urtarra izaten daki, testuinguru berrira egokitzen delako, ura bezalaxe, zirrikitu bakoitza bustiz. Baina, ezer izatekotan, gure ekosistema humanoa da.

Hizkuntzaren inguruko gozamena transmititzetik hasi eta hazkuntza gogoetatsuaren bueltan, hezkuntzan eragiten dugun kontzientziara heldu gara. Kontzientzia eta ardura dira gozamenari jartzen dizkiogun abizenak; aisialdiko sukaldariak ere hezitzaile direlako, gure ekosisteman. Eragina duenari kontzientzia eragiteak osatzen du zikloa, geruzaz geruza.

Testuingurua aldatzen ari da, baina bertsolaritzak lurtar eta likido dirau. Egosistemak mugitzen gaituen garaian, ekosistemari begira jarraitzen dugu. Intuizio eta sen onari lanorduak, eskarmentua, profesionalizazioa eta gogoeta gehitu zaizkio urtez urte, oinarri pedagogikoetatik hasi eta zehar-lerro bakoitza pasaz, harreman moduetaraino.

Hezkuntza sailak bertsolaritzaren ekosistema osoa elikatu behar du. Eta zer diren gauzak, zikloaren bueltan, ekosistema osoa da Hezkuntza saila elikatu eta hobetu duena; hezkuntzan ari garen kontzientzia hartzera eraman gaituena. Ardura horri erantzuteko ekosistema humanoak gogotsu helduko dio datozen hamabi urteetako zikloari. Hamaika ikasteko jaio gara eta.