Euskal Herriko Eskolarteko finala egitarau ederrarekin dator!

2015/05/21
Ekainaren 27an burutuko da Orion Eskolarteko finala, lurralde bakoitzeko bina ordezkarirekin. Goizeko 11:00etatik hasita egun osoko festa dago antolatuta.

Eskolartekoa ari da herrialdeetan bidea egiten: Gipuzkoan eta Nafarroan finaleko festak ospatu genituen. Arabakoa larunbat honetan izango dugu Kanpezun, eta ekainaren 6an etorriko dira Lapurdi, Baxenabarre eta Xiberoako eta Bizkaiko Bertso Eskolen Egunak.

Herrialde bakoitzeko txapelduna eta txapeldunordearekin beteko da gero Euskal Herriko finaleko oholtza. Ekainaren 27an izango da, 11:00etan, Orioko pilotalekuan. 

Saioa Maialen Lujanbiok aurkeztuko du. Sustrai Colinak jantziko dio aurten sarituari txapela. Eskolartekoa galtza motzetan ezagutu zueneko garaiak gogoan ditu Sustraik, eta esan digunez gogotsu dago Orion Euskal Herriko bertsolari gazteak entzuteko: "Etorkizuneko bertsolariak entzutera doa jendea, baina gaur egunekoak entzutera nator ni. Transmisioa eta bat-bateko bertsoa beti dira orain eta hemen".   

Finaleko saioaren ostean bazkaria izango da plazan, bertako produktu ekologikoekin egina, Euskal Herriko Nekazaritza eta Ekoizle Ekologikoen Kontseiluaz elkarlanean.

2014 Eskolartekoa. Bazkaria

Eta bazkalostean ere izango da festa ederrik: Maialen Lujanbio eta Sustrai Colina librean ariko dira. Ondoren, Keshala eta Bi Bala taldeek emango diote amaiera egunari. 

Bi musika taldeetako partaideek ere ondo ezagutzen dute Eskolartekoa. Keshala taldeko Malen Amenabar, Kattalin Barcena, Leire Amenabar eta Arrate Gazteluk gaztetxotan kantatu izan dute Eskolartekoan, eta sortzen den giroa gustuko dutela nabarmendu digute: "bertso, errima, kantu, dantza, festa… sekretu bakoitza ezagutzeko tokia da". Bi Bala taldeko Aitzol Barandiaran eta Iñaki Gurrutxaga ere tiro ederrak botatakoak dira Eskolartekoan, eta euren zigilua den trajea okasio honetarako janzteak mereziko duela esan digu Gurrutxagak: "sortu, entzun eta gozatu; lagun zaharrekin bildu eta berriak egin... Dena Orion, ba al da leku hoberik?". 

Bazkarirako txartelak eta kamiseta koloretsuak salgai daude  www.bertsosarrerak.eus atarian. Orioko Kolon Txiki eta Bordatxo tabernetan ere eskuragai daude bazkarirako txartelak, 10 euroren truke. Herrialdeetatik autobusak jarriko dira bertara; bertso-eskola edo talderen batek autobusa hartu nahi badu, jar dadila harremanetan bere herrialdeko Bertsozale Elkartearekin.

2014ko Eskolartekoa