Dena prest Euskal Herriko Eskolartekoaren jairako

2016/05/23
Ekainaren 4an Ereñotzun gauzatuko den finalerako parte-hartzaileak zehaztuta daude dagoeneko, asteburu honetan herrialdeetan egitasmoak bere bidea amaitu eta gero. Alaia Martinek jarriko dio txapela irabazleari.

Pasa berri den asteburuan gauzatu dituzte Arabako, Bizkaiko eta Lapurdi, Baxenabarre eta Xiberoako Eskolartekoen azken jaiak. Hala, eta Gipuzkoakoa eta Nafarroakoa ere duela hilabete gauzatuta, zehaztuta geratu da ekainaren 4an Ereñotzun, Hernaniko auzo-udalean, Euskal Herrikoan ariko diren bertsolarien zerrenda. 15-18 urte bitarteko 12 bertsolarik hartuko dute parte: Arabatik, Aroa Arrizubieta eta Peru Amorrortu; Bizkaitik, Txaber Altube eta Unai Mendiburu; Gipuzkoatik, Beñat Mujika eta Aizpea Garmendia; Lapurditik, Kerman Díaz eta Nahia Sasco eta Baxenabarretik, Elixabet Etxandi eta Oier Urreizti; eta Nafarroatik, Joanes Illarregi eta Xabat Illarregi.

Maite Berriozabalek jarriko ditu gaiak eta aurkeztuko du saioa, eta herrialde bakoitzeko epaile bana izango da. Txapela Alaia Martinek jarriko dio irabazleari. Finaleko sari nagusia Gabonetako oporraldietan egingo den Ahots Baten sormen egonaldia izango dute parte-hartzaileek: bertan aukera izango dute antzerki mundutik, kantagintzatik zein literaturatik datozen euskal gazteekin elkartzeko, aterpetxe batean. 

Egun osoko festa handia

Ekainaren 4an 11:00etan abiatuko da Ereñotzun Eskolartekoaren bat-bateko txapelketaren finala. Dena den, jaiak jarraipena izango du gerora.

14:00etan bazkaria eskainiko da Larre-gain sagardotegian; Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluarekin (ENEEK) elkarlanean, bertako produktuak izango ditu oinarri. Bazkari txartelak 15 euroan daude eskuragai www.bertsosarrerak.eus atarian, maiatzaren 30era arte.

Bazkalondoan, Eli Pagola eta Agin Laburu bertsolariak ariko dira kupelen artean, librean. Ondoren, erromeria emanaldi berezia izango da 18:00ak arte, Xabier Solano, Jon Mari Beasain, Sergio Ordoñez eta Harkaitz Bastarrikaren eskutik. 

Bazkari txartelak www.bertsosarrerak.eus atarian daude eskuragai, maiatzaren 30era arte 

Herrialdeetatik autobusak jarriko dira Ereñotzura eta sagardotegira. Autobusez etorri nahi izanez gero, jarri harremanetan zure herrialdeko Bertsozale Elkartearekin.

Txirritaren heriotzaren urteurrenaren baitan

Eskolarteko jai handiaren bezperan, ekainaren 3an, beteko da Txirritaren heriotzaren 80.urteurrena. Data seinalatu horren baitan hainbat ekintza antolatu dira bere jaioterrian, Ereñotzun, eta agenda horren baitan antolatu da aurten Eskolartekoa ere.

Eskolartekoa Ikastolen Elkarteak eta Bertsozale Elkarteak antolatu dute elkarlanean, bertso-eskolen laguntzari esker.  Euskal Herriko finala antolatu ahal izateko beren laguntza eskaini duten erakundeak hauexek izan dira: Ereñotzuko auzo-udala, Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseilua (ENEEK), Bizkaiko Aldundia eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza eta Kultura Saila.

Eskolartekoaren helburua gaztetxoei jendaurrean bat-batean jarduteko aukera ematea eta zaletzea da eta, era berean, bertsoaren bidez ikastoletan euskara eta euskal kultura sustatzea. Aurten guztira 15-18 urteko 88 gaztetxo aritu dira kantuan.

Finalari buruzko informazioa www.bertsozale.eus eta www.ikastola.net atarietan topatuko duzu, eta ikusgai jarriko da www.bertsoa.eus atarian.

Orion ospatu zen Eskolartekoaren amaierako jaia. Iturria: XDZ