Danele Sarriugartek Elgoibarrera eramango du Hitzetik Hortzera

2017/01/05
Azken urteotan arrakasta lortu duen idazlea da Danele Sarriugarte elgoibartarra. Irakurzaletasunaz, idazle lanaz, Elgoibarrez eta bertsolaritzaz ariko gara berarekin. Igande honetan Elgoibar eta Galdakaoko jaialdiko bertsoaldi onenak ere eskainiko ditugu.

Izen ezaguna bilakatzen ari da letren munduan Danele Sarriugarte idazle elgoibartarra. 2012an Igartza Saria lortu ondoren, 2014an argitaratu zuen Erraiak liburua. Bera izango da igande honetako Hitzetik Hortzerako gonbidatua. Elgoibarko Gotzon Garate Udal Liburutegian elkartuko gara berarekin eta irakurzaletasunaz eta idazle bizitzaz ariko gara berarekin. Ondoren, Elgoibarko antzokiraino gidatuko gaitu, eta bertsolaritzarekin duen harremanaz hitz egingo digu, eta baita herriaz ere.

Jaialdi ederra Elgoibarren

Elgoibarko bertso-jaialdiari tarte zabala eskainiko diogu aste honetako programan. Abenduaren 28an izan zen saioa, Inozente Egunez, Amets Arzallus, Maialen Lujanbio, Andoni Egaña, Oihana Iguaran eta Unai Iturriaga kantuan eta Uxue Alberdi gai-jartzen zirela, eta umoreak izan zuen tarterik: maitasunari ironiaz begiratu zioten Unai Iturriagak eta Maialen Lujanbiok; eta poeta erromantiko, iraultzaile eta "makarra" paperetik maitasunari kantatu zioten, hurrenez hurren, Amets Arzallusek, Oihana Iguaranek eta Unai Iturriagak. Dena ez zen umorea izan, ordea: Luhusoko eta Greziako atxiloketei kantatu zien Amets Arzallusek eta heriotzaz galdezka ari zen Oihana Iguaran alabaren galderei erantzuten ahalegindu zen Amets Arzallus bera.

Ez zen Elgoibarkoa izan, ordea, Hitzetik Hortzerako kamerek jasotako bertso-jaialdi bakarra. Abenduaren 23an, eguberri bezperetan, Galdakaon aritu ziren Oihana Bartra, Etxahun Lekue, Miren Amuriza, Maialen Lujanbio, Andoni Egaña eta Aitor Mendiluze, Arkaitz Estiballes gai-jartzaile hartuta. Bizkaiko Bertsolari Txapelketako txapela jantzi berria zen Etxahun Lekue, eta beste laurek beren herrietara gonbidatu zuten kantura bertsoaldi eder batean.

Bertsoaldi horiek eta gehiago izango dira ikusgai igande honetan ETB1en, 15:00etatik aurrera. Eta laster, interneten ere aurkitu ahal izango dituzue EITB Nahieranen.

Danele Sarriugarte izango da aste honetako gonbidatua.