Bizkaiko Bertsolari Txapelketa eta Taldekako Xilaba, igandeko Hitzetik Hortzeran

2018/12/05
Igandeko programan Ipar Euskal Herriko hiru probintzietan jokatu den Taldekako Xilabako finala eta Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalaurrekoetako bertsoaldiak entzungo ditugu. Finaleko zortzikoaren berri ere emango dugu.

Txapelketa da bertsolaritzak duen plazarik berezienetako bat; berezia, ezohikoa delako. Sintonia, komunikabideak, epaileak (eta erdi-epaile diren entzuleak)... Emozio asko pizten dira horrelakoetan: amildegi ertza tranpolin bilakatzeko etengabeko ahalegina da. Horietako bitan murgilduko gara aste honetako Hitzetik Hortzeran: Xilaba eta Bizkaiko Bertsolari Txapelketa.

Lapurdi, Baxenabarre eta Zuberoako 11 talderen artean jokatu da aurtengo Taldekako Xilaba. Finalera iristeko, taldeek 11 saioko ligaxka eta bi finalerdi igaro dituzte. Guztira, 40 bat bertsolarik parte hartu dute xapelgoan; baita aurkezle, antolatzaile, epaile eta laguntzaileek ere. Baigorrin ospatu zen finalean Dilindan eta Mattinsalto taldeak lehiatu ziren, eta bigarrenek jantzi zuten txapela. Dilindan taldea Amets Arzallus, Hodei Renteria, Nahia Sasco eta Ortzi Idoate bertsolariek osatzen dute. Mattinsalto taldea, berriz, Aitor Servier, Ellande Alfaro, Pantxika Solorzano eta Xumai Murua partaideek. Igandeko programan finaleko bertsoaldi onenak eskainiko ditugu.

Finalari begira

2018-12-09, HH_11Udaberrian hasi zen Bizkaiko Bertsolari Txapelketa eta fase guztiak igarota, dagoeneko badakigu zeintzuk diren finalean kantatuko duten zortzi bertsolariak: Aitor Bizkarra, Eneko Abasolo “Abarkas”, Etxahun Lekue, Jone Uria, Miren Amuriza, Nerea Ibarzabal, Onintza Enbeita eta Xabat Galletebeitia. Igandeko programara ekarriko ditugu hiru finalaurrekoetako bertsoaldi onenak. Gogoan izan abenduaren 15ean Bilboko Miribillan izango den finalerako sarrerak salgai daudela www.bertsosarrerak.eus web atarian.

Igandean, 15:00etan, Euskal Telebistako lehen katean ikusi ahal izango duzu Hitzetik Hortzera; eta zuzenean ikusi ezin duenak Internetez ere izango du aukera, EITB Nahieranen.

Eider Perez, bertsolaritzaren ekosistemaren collage-a osatzen ari da.