Bizkaiko azken kanporaketako bertsoak, ‘Etxepare Rap’ eta Xilabako finala zuzenean

2014/11/10
Bizkaiko Bertsolari Txapelketako azken kanporaketa jokatu zen igandean Zeanurin eta hango bertso hautaketa zabala eskainiko du Bertsoak bihar. Horretaz gain, Bertsoaroan Etxepare Rap emanaldia eskainiko dute Imanol eta Mattin Epeldek eta emanaldiaren berri emango dugu asteko erreportajean, rap pieza zatiak barne.

Xilaba zuzenean larunbatean eta bertsoak igande goizerako

Larunbatean jarraipen zabala egingo dio Bertsoak Xilabako finalari. Arratsaldeko 16:45etan hasita ekitaldia zuzenean emango du Aitzol Barandiaranek gidatuta. Finala amaitzean txapeldunaren eta beste bost finalisten hitzak ere jasoko ditugu zuzenean. Zuzenean emateaz gain, igande goizerako bertsoaldi hautaketa zabala sarean izango da

Xilabako finalisten hitzak eta aldartea

Joan den astean egin zen Xilabako finalaren aurkezpena Baionan eta Bertsoak finalisten asmo eta helburuak jaso zituen. Astean zehar jarriko ditugu. Historikoen atalean, Amets Arzallus eta Mixel Xalbadorrek lehenengo Xilaban egindako saioa jarriko du