Bigarren Bertso Eguna, Getarian

2021/03/01
Martxoaren 27an izango da, eta sarrerak eskuragai daude www.bertsosarrerak.eus atarian eta Getariako Turismo Bulegoan.

Alaia Martin, Unai Iturriaga eta Uxue Alberdi ariko dira bertsotan, Maite Berriozabal lemazain dutela, 2021eko bigarren Bertso Egunean. Martxoaren 27an izango da hitzordua, Getariako Cristóbal Balenciaga Museoan, 18:00etan hasita.

Lagun gehiago ere batuko zaizkie protagonistei oholtza gainean: Eli Pagolak, Maider Arregik, Manex Agirrek eta Rosi Lazkanok ere hartuko dute parte emanaldian.

Aretorako sarrerak eskuragai daude www.bertsosarrerak.eus atarian nahiz Getariako Turismo Bulegoan. Oraingo honetan ere nahi duenak izango du Internetez zuzenean ikusteko aukerarik; horretarako sarrerak ere www.bertsosarrerak.eus atarian eskura daitezke. Bazkideek deskontua izango dute. Adi sarrera erosterakoan, webgune berean egonda ere, aretorako eta Interneterako sarrerak ezberdinak baitira.

Bertso plaza indartzeko Bertsozale Elkartea egiten ari den apustuaren parte dira aurtengo hiru Bertso Egunak. Plaza biziberritzeko ekimen hau babesten eta laguntzen dute Laboral Kutxak eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak. Gainera, Getariako Udalak laguntzen du hilabete amaierako hitzordu hau.