Bertsozale Elkartea ere, Korrikarekin bat

2022/03/30
Apirilaren 10ean, Donostiako Zurriola pasealekuan hartuko dugu lekukoa, 8:31n; 2533 kilometroan. Elkarteko bazkide guztioi hitzordura agertzeko gonbit egiten dizuegu; eta lekukoa eraman nahi izanez gero, adi! Izena ematen duten bazkideen artean zozketa egingo dugu. Batu zaitez gurekin Korrikara!

Laster hasiko da AEKk bi urtetik behin antolatzen duen Korrikako tipi-tapa. Amurriotik Donostiara, 10 egunetan euskararen lurraldea zeharkatuko dute gure hizkuntzaren aldeko pauso biziek. Egun horiek iritsi aurretik ere, hamaika herri girotu dira Korrika Kulturalaren bitartez; tartean, bertso-eskolen edo Lanku Kultur Zerbitzuen bitartez antolatutako emanaldiak.

Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak ere hartuko du Korrikako mezua daraman lekukoa. Apirilaren 10ean, Donostiako Zurriola pasealekuan hartuko dugu eskuz esku doan testigua, Kursaaletik hurbil; 8:31n hartuko dugu zehazki, 2533 kilometroan.

Korrikarekin eta gurekin bat egitera animatu nahi zaituztegu. Gorde hitzordua!

Zuk ere lekukoa eraman nahi? Zozketa bazkideen artean

Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko Zuzendaritzako kidea den Igor Elortzak eramango du lekukoa, baina ez da bakarrik izango. Bertsozale Elkartearen egitasmoa babesten duzuen bazkideoi ere, esker onez, eman nahi dizuegu horretarako aukera.

Horregatik, lekukoa eramateko ilusioa duzuen bazkideen artean zozketa egingo dugu. Horretarako eman izena apirilaren 5eko 10:00ak baino lehen, orduan egingo baitugu zozketa, eta jarriko gara harremanetan zortedunarekin.