Bertsotan irakasten, Hitzetik Hortzera

2021/09/30
Etxeko gazteenei bertsolaritza irakasteko modurik eraginkorraren bila abiatuko gara aste honetako programan. Mikel Artolak metodologia berri bat probatu eta proposatu du bide horretan, eta berarekin elkartuko gara, gu ere ikasteko prest. Hitzetik Hortzera: larunbatean, ETB1en.

Nola bihurtu bertsolaritzaren osagaiak egingarri eta gozagarri haurrentzat. Hori aztertzen aritu da azken urteetan Bertsozale Elkarteko Mikel Artola, eta egindakotik abiatuta, ikasgelan erabiltzeko metodologia berri bat proposatu du. Zirtotik puntura, puntutik koplara, haurrei bertsotan bat-batean irakastean datza: plazako jardunera gerturatzea.

Ikasturte berria hasi besterik egin ez den honetan, ikasgelako arbelak lagundurik, proposatutako metodologia horren ñabardura guztiak adi-adi jarraitzen ahaleginduko da aste honetan Eider Perez. Baina hasieratik amaierara ere egingo dugu salto denboran, eta maiatzean Araian egin zen Lautadako Bertsolari Gaztetxoen Topaketako irudiak ere berreskuratuko ditugu.

Lizartzatik Lezamara

Uda garaia agurtzen hasi aurretik, irailean zehar zita garrantzitsu askotaz gozatzeko aukera eskaintzen du bertsolaritzaren egutegiak. Horietako bi dira Lizartzako eta Lezamako bertso saioak, eta plaza horietako bertsoaldien hautaketa zati bat ere eskainiko du aste honetakoak.

Asier Arbelaitz gazte hendaiarraren eskutik urteetan atzera egingo dugu Bertsoaldi Kuttunaren atalean: Bertso Eguna, Paris-Dakar lasterketa, Goierritarrak… ondo gogoratzeko nahikoa elementu bertsoaldi bakar batean.

Ez galdu: Hitzetik Hortzera, larunbatean, 21:00etan, ETB1en; eta edonoiz, EITB Nahieran atarian.

Mikel Artolarekin egingo du solasean Eiderrek aste honetan.