Bertsolaritzari buruzko ikerketak, Mintzola Mintegian

2020/11/17
Azaroaren 26an izango da saioa, 17:45etik aurrera, eta streaming bidez jarraitu ahal izango da www.mintzola.eus atarian.

Ahozko kultur sorkuntzaren inguruko ikerketak ezagutzeko hitzordua da UPV/EHUko Mikel Laboa Katedrak eta Mintzola Ahozko Lantegiak antolatzen dutena; eta tartean dira bertsolaritzari buruzkoak ere.

Azaroaren 26an izango da aurtengoa, 17:45etik aurrera, eta distantzia eta tokia zaindu behar diren garai honetan, streaming bidez eskainiko da saioa www.mintzola.eus atarian.

Zaintzaren ekonomia eta euskal kultur sorkuntza: bi ikusezin, elkarri begira. Lehen hurbilpen baterako, bertsolaritzaren kasua aztergai ontzen ari den Maialen Akizu, Bertsolaritzaren erresistentzia funtzio belaunaldi desberdinetako bertsolari eta bertsozale emakumeen ahotsetatik: ikerketa-ekintza parte hartzailea proiektua aurkeztuko duten Ines Huarte eta Leire Amenabar, edota Bertsolaritzaren autonomia estetiko baten bila: distortsioak eta arrasto batzuk lanaren egilea den Kepa Matxain izango dira hizlari, besteak beste. Bertso-eskoletako kantaeraren lanketari buruz ere ariko da Maddi Soroa.

Bestalde, Pello Mari Otaño Beka eskuratu duen Aiztondoren zirtotsa. Aiztondoko zirto tradizioa eta aplikazio didaktikoa ikerlanari buruz ariko dira Harituz Tolosaldeko Bertsozaleen Elkarguneko Mikel Artola eta Unai Mendizabal.

Informazio gehiago, www.mintzola.eus atarian.

Maialen Akizu izan zen iazko mintegian ere, beste lan bat aurkezten. / XDZ