Bertsolaritzaren umoreak igandeko Hitzetik Hortzeran

2019/01/24
Nola lortzen du bertsolariak, silaba neurtuetan, areto oso bat barrez leherraraztea? Hala ez dirudien arren, kontu serioa da umorearena. Bertsolaritzaren umoreak hobeto ulertzeko Amaia Agirrerekin, Ane Labakarekin eta Kike Amonarrizekin elkartuko gara. Tolosako eta Zeanuriko bertsoaldiak ere entzungo ditugu igandeko programan.

Askok bertso saio batera joan eta barre egitea da estimatzen dutena. Umoreak gauza sinplea dirudien arren, ez da horrela: giro aproposa behar du, momentu egokia, eta, batez ere, igorlearen eta hartzailearen arteko kode partekatua. Nola lortzen du bertsolariak, silaba neurtuetan, areto osoa barrez leherraraztea? Zeri egiten diogu barre eta nondik?

Bertsolaritzari eta umoreari buruzko galderak erantzungo dizkiguten hiru aditurekin elkartuko gara igandeko programan: Amaia Agirrerekin, Ane Labakarekin eta Kike Amonarrizekin. Amonarrizekin euskal umoreari eta bertan bertsolaritzak jokatzen duen paperari buruz hitz egingo dugu; zer eskatuko ote dio Kike Amonarrizek bertso saio bati? Amaia Agirre bertsolaria gai jartzaile lanetan ere aritzen da: umoreak zertan lagundu eta zer oztopatu dezakeen esango digu. Azkenik, Ane Labakarekin elkartuko gara. Labakak bi ikerketa egin ditu bertsolaritzan egiten den umorea genero ikuspegitik aztertuz eta, zehazki, txapelketan erabili diren umore motak aztertu ditu bere azken lanean. Bertsolaritzan zein umore mota egin izan da?

Bertsolaritzaren umoreari buruzko galdera-erantzun ugari igandeko Hitzetik Hortzeran.

Tolosako eta Zeanuriko bertsoaldiak

Pasa den larunbatean Tolosako Leidor Aretoan egin zen Ataria komunikabidearen aldeko bertso saioa eta igandeko programan hango bertsoaldi onenak entzungo ditugu. Oholtzara igo ziren Andoni Egaña, Amets Arzallus, Haritz Mujika, Maialen Lujanbio, Nerea Ibarzabal eta Oihana Iguaran; gai jartzaile lanak Amaia Agirrek egin zituen. Zeanuriko frontoian, aldiz, urteroko bertso jaialdia egin zen. Bertsotan aritu ziren Etxahun Lekue, Igor Elortza, Maialen Lujanbio, Oihana Iguaran, Unai Iturriaga eta Sustrai Colina. Arkaitz Estiballes aritu zen gai jartzaile lanetan. Hango bertsoak ere eskainiko ditugu Hitzetik Hortzeran.

Hori dena igandean arratsaldeko 15:00etan Euskal Telebistako lehen katean; eta zuzenean ikusi ezin duenak Internetez ere izango du aukera EITB Nahieran atarian.

Tolosako jaialdiko hautaketa, igandean, ETB1en.