Bertsolamintzari egingo dio jarraipena Bertsoa.eus atariak

2019/05/07
Pasa den ostegunean abiatu zen Iruñean, Sustrai Colinak eta Amaia Agirrek eskainitako hitzaldiekin. Haiekin aritu da sareko plaza, eskainitako solasgaiaren ingurukoak aletzen.

Maiatzaren 2tik ekainaren 1era arte gauzatuko da Bertsolamintza: alderdi ezberdinak aintzat hartuta, bertsogintzaren inguruan hitz egiteko plaza eskaintzen du egitasmoak. Iruñean izan zen lehen saioa, eta Saioa Alkaizak gidatuta, Sustrai Colinak eta Amaia Agirrek hitzaldi bana eskaini zuten. Bakoitzaren solasgaia abiapuntu, hizlariekin izan da Bertsoa.eus eta aste honetan izango dira ikusgai eta entzungai azaldutakoak.

Gipuzkoa Bertsotan ere hasi berria da. Iragan berri den asteburuan izan dira lehen lau saioak, eta haietan jazotakoak zein jasotako bertsoaldiak pantailaraino ekarriko dizkizu Bertsoa.eus atariak; Asteasu, Idiazabal, Anoeta eta Orio izan ditu lehen helmuga sailkapen faseak. Bizkaiko Taldekakoari eta Arabako Eskolartekoari ere egingo dio jarraipena.

Izan berri diren Abadiñoko eta Santutxuko jaialdietako uzta ere bildua dugu eta datorrenari begira ere jarriko gara: asteburura hurbildu ahala, gogoraraziko dizugu bertsolaritzaren agenda, bdb.bertsozale.eus atarian ere topa dezakezuna

 

Sustrai Colinak eskaini zuen Bertsolamintzako lehen hitzaldia.