Bertsoeskola.eus argitaratu berri dugu

2019/09/30
Webguneak helduen zein haurren eskoletarako materiala dauka: gaiak, doinuak, errimak,… bertso-eskolei saretzeko bidea ere eman nahi zaie atariaren bidez.

Bertso eskolarako baliagarria den material guztia eskura izango dute bertso-eskoletako kideek gaur sareratu den bertsoeskola.eus atariari esker. Sakabanatuta zeuden askotariko baliabideak biltzen ditu plataformak: erabiliaren erabiliaz ederki zimurtuko diren web orrialdeak izango dira ziurrenik gaitegia, doinutegia eta errimategia.

Bertsoeskola.eus ezagutu nahi? sartu hemen!

Bat-batean aritzeko plazan jarri diren 700 gaietatik tira ahal izango dute bertso-eskolatako kideek; gai horri loturik bertsolariek kantatutakoa ere ikus-entzun ahal izango da Gaitegia atalean. Oin aberatsak aurkitzeko, EHUko Ixa taldeak egokitutako Errimategia dugu: hitz bat jarri eta haren amaierarekin bat datozen hitzen zerrenda erakusten du. Eta, hori guztia laguntzeko, plazan erabiltzen diren 400 doinu daude aukeran Doinutegitik BDBra bideratuko gaituen loturan. Hasiberrientzako fitxa errazagoek ere badute beren txokoa.

 

 

Bestalde, zenbait bertso jarri ere eskainiko dira, ikus-entzunezkoan zein transkribatuta; eta gogoan gelditu diren bertsoaldiak ere berreskuratu dira atariko ganbaran.

Bertso-eskolentzako bakarrik ez eta bertso-eskolek eragindako espazioa ere izan nahi du webguneak. Horregatik, bertso-eskola bakoitzak bere jardunaren berri eman ahal izango du, eta batak bestearena ezagutu.

Ataria gailu mugikor txikietan, sakelekoetan zein tabletetan, baliatzeko erosoa da oso. Codesyntaxek garatu du webgunea, iaz egindako bertsoikasgela.eus atariaren antzera.

Urtebete egin du bertsoikasgela.eus atariak ere

Bertsolaritza ikastetxean proiektuaren baitan dauden eskolek bertsoikasgela.eus ataria baliatu dute azken ikasturtea ezkero bertsolaritza ikasgeletan lantzeko. Batean eta bestean aritu behar duten irakasleentzako lagungarria da tresna, materiala leku berean eduki ez ezik, ikasgela bakoitzeko haria berrartzeko modua eskaintzen baitu. Gainera, ikasleek etxean ere jarrai dezakete bertsolaritzarekin gozatzen.

Aproposa da gailu txikietatik baliatzeko.