Bertso saioa egingo dugu: etorri nahi?

2020/06/01
Ekainaren 5ean, ostiralean, izango da Amasa-Villabonan (Gipuzkoa). 80 lagun inguru etorri ahal izango dira; etortzekoa bazara, izena eman behar da webgune honetan bertan.

Gaur eguerditik aurrera eman ahal izango da izena ostiralean egingo dugun bertso saiorako; albiste honen amaieran dagoen loturan sakatu eta datuak bete behar dira horretarako. 80 bat lagunentzako tokia izango da, eta kopuruak zaintzeko ezinbestekoa izango da aurretik izena ematea; gehienez, bi gonbidapen eskuratu ahal izango dira. 

Saioa Bertsozale Elkarteak egoitza duen Amasa-Villabonako Subijana etxearen atzean egingo da ostiralean, eraikinaren eta pilotalekuaren artean dagoen Gudari Plazan; 18:30ean hasiko da. Bertsoa.eus atarian ere zuzenean eskainiko dugu. Amets Arzallus, Haritz Mujika, Maialen Lujanbio eta Miren Artetxe ariko dira bertsotan, eta Imanol Artola gai jartzen. Eguraldiak okerrera egingo balu, aterpean egingo genuke saioa, eta jakinaraziko genuke astean zehar. Bertsozale Elkarteak eta Lanku Kultur Zerbitzuek antolatu dugu, Villabonako Udalaren laguntzarekin. Saioa izango den eremura sartzeko eta ateratzeko maskara derrigorrezkoa izango da, eta sartzeko ordutegiak adieraziko dira gonbidapenetan, jende pilaketak ekiditeko. Behin eremura sartuta, eta lekuan eserita, maskara kendu ahal izango da, ikus-entzuleen arteko distantziak bermatuta. Esan gabe doa, une oro antolatzaileen argibideei kasu egin beharko zaiela.

Saiorako izena emanda, gonbidapena iritsiko da adierazitako posta elektronikora ostegunean; bi gonbidapen eskatu ahal izango dira gehienez. Izena eman dutenen kopuruak zaintzeko, izen-emate orria 21:00etatik 9:00etara ez da martxan izango. Era berean, behin baimendutako 80 gonbidapenak banatuta, izen-ematea itxi egingo da. Bestalde, izena ematerako baimendutako kopurua pasa bada, jada lekurik ez dagoela jakinarazteko mezua bidaliko da.

Bertso plaza hauspotzeko Bertsoa.eus webgunean saioak eskaini eta gero, pauso bat gehiago emango da saio honekin, zaleok saioa bertatik bertara jarrai dezagun ahalbidetuta; eta gogoa badago, zenbait antolatzaileren ekimenez jada egin baitira antzerako plazak azken egunotan. 

Plazan elkartzeko irrikitan!

[Amaitu dira gonbidapenak]

Ez gara horren gertu egongo, distantziak zainduko ditugu.