Bertso plaza berriak bultzatzen

2020/04/30
45.000 euro bideratuko ditu Bertsozale Elkarteak egungo egoerara egokitutako bertso plaza indartzeko eta bertsolarien zaurgarritasun egoera leuntzeko.

Urrun geratu da martxoaren 15a; orduan egin behar zuen Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak urteroko Batzar Nagusia bazkideekin. Aurkeztekoa zen 2020ko egitasmoa www.bertsozale.eus atarian dago ikusgai; baina, gauden egoeran egonda, esan gabe doa egitasmoa eta aurrekontua berrikusi behar izan ditugula.

Elkarteak eskuartean zituen proiektu asko bertan behera geratu, atzeratu edota moldatu behar izan ditugu. Elkartean ez ezik, bertsolaritza mugimendu osoan eragin nabarmena izan du osasun krisiak, noski.

Ohiko bertso plaza berreskuratzeko denbora beharko dugula gogoan, egungo egoerara egokitutako ekimenak jarriko ditugu abian. Elkartearen baliabideetatik eta salbuespen egoera batean gaudela jakinda, bertsolaritzaren ikusgarritasunari eusteko eta bertsolarien egoera zaurgarria leuntzeko 45.000 euro bideratuko ditugu. 

 

Martxotik, 400 saio gutxiago

Kulturgintza, bertsolaritza, zaleak aurrez aurre elkartzetik bizi da neurri handi batean; osasun krisiak kolpetik eten ditu zuzeneko emanaldiak eta bertso plaza.

"Inondik inora espero ez genuen bat-bateko kolpea izan da", Lanku Kultur Zerbitzuetako Marta Agirrezabalak apirilaren 7an Bertsoa.eus atarian egoeraren inguruan ateratako erreportajean azaldu bezala. "Lanku erabat lotuta dago plazari, lan jarduera nagusiena plaza da, eta bat-batean geratu gara", gaineratu du. Plazaren etetearen ondorioz, Lanku Kultur Zerbitzuak larrialdiko ERTE egoeran dago.

"Lanku erabat lotuta dago plazari, lan jarduera nagusiena plaza da, eta bat-batean geratu gara"

Xenpelar Dokumentazio Zentroan biltzen ditugun datuen arabera, 2019an, 1.644 saio egin ziren Euskal Herrian: horietako 1.215 saiok bertsogintza zuten ardatz, izan jaialdi, lagunarteko, plaza libreko zein txapelketa; eta gainerakoak, 400 ekitalditik gora, bereziak, esperimentalak, hitzaldiak edo saio didaktikoak izan ziren. Joan-etorri dezenterekin baina, oro har, saio kopurua mantendu egin ohi da.

Koronabirusa dela-eta, bertan behera geratu diren saioen aurreikuspen bat egiteko. 

Aurten, saioen gorakada txiki bat izan dugu urteko lehen bi hilabeteetan. Urtarrila eta otsaila ez dira hilabete "osoenak" izaten bertsolarien eta bertsozaleen agendetan, eta horregatik da pozgarria goranzko joera. Udaberriko hilabeteak are indartsuagoak izaten dira, udakoen pareko, baina osasun krisiak bete-betean aldatu du panorama: martxoan 195 bat saio aurreikusten ziren eta 53 gauzatu dira. Hortik aurrera, bertan behera gelditu da plaza: iaz 122 saio egin ziren apirilean, 162 maiatzean, 179 ekainean eta 135 inguru udako hiru hilabeteetan, horietako zenbait Lanku Kultur Zerbitzuek bideratutakoak. Honek guztiak ondorio ekonomiko nabarmenak ditu: martxotik ekainera arte, 385.600 euro inguruko galerak.

 

Bertan behera geratu edo atzeratu direnak

Elkartean egiten edo egitear zeuden proiektuetan berehalako eragina izan du honek guztiak; eta epe luzera ere, 2020ko egitasmoa eta aurrekontua berrikusi behar izan ditugu.

- Bertan behera geratu direnak: Bertso Udalekuak eta barnetegiak; Haizea dator; Sakontze Bertso Eskola; Eskolatik Plazara; Plazara!; Bertso Eskolen Egunak; Bertsulari Ttiki, Elebidunen ikasturte bukaerako Besta Eguna.

- Atzeratuko direnak: Arabako Bertso Kuadrilla Artekoa; Bardoak; Bizkaiko Txapelketako Udabarriko fasea; BBK Sariketa; Eskolartekoa; Pello Mari Otaño bekako deialdia (epea luzatu zaio); Udako Bertso Eskola ikastaroa UEUn (ikuskizun).

- Egingarri diren ikusi behar (beste modu batean): Zenbait ikastetxetako ikasturte amaierako jaialdia; Bertsoa Bizi Gazte lehiaketa; Oholtzapetik; Hernandorena Sariketa; Ahalduntze Bertso Eskola; Gizonezkoen Bertso Eskola Feminista; UPV/EHUko Uda Ikastaroa.

Bizkaiko eta Euskal Herriko elkarteetako batzarrak ere ezin izan ditugu oraindik gauzatu; alarma egoera ezarri zen asteburuan bertan egin behar genituen. Elkartzeko baldintzak daudenean, hitzordua zehaztuko dugu eta jakinaraziko zaie bazkideei garaiz.

 

45.000 euro, plaza indartzeko lanari ekiteko

Erresilientzia gaitasuna erakustera bultzatu gaitu krisiak.  

Hezkuntzan baldintza berrietara azkar moldatzeko ahalegina egin dugu. Aurreko urteetan, www.bertsoikasgela.eus prestatzen egindako lana oso baliagarria izan da azken hilabetetan. Bertsozale Elkarteko irakasleek Internet bidez eskaini dituzte eskolak, eta modu honetan arituko dira ikasturtea amaitu arte.

Plazara begira, konfinamendu garaian bertsolaritza mugimenduko hainbat eragilek Interneteko online saioak jarri dituzte martxan, eta Nafarroako Bertsozale Elkarteak ere Konfinamenduko bertso saioak egitasmoa abiatu du Nafarroako hainbat irratirekin elkarlanean.

Epe luzeagorako erantzunak lantzen ari gara, Bertsozale Elkartearen eredua jarraituz eta, aurretik esan bezala, elkarteko baliabideak erabiliz; konfinamendutik ateratzeko baldintzak ezagutu ahala berrikusiko ditugu hartutako erabakiak. 

Momentuz, Bertsozale Elkarteak 45.000 euro bideratuko ditu plaza indartzeko eta bertsolarien zaurgarritasun egoera leuntzeko. Maiatzaren 2tik aurrera, Internet bidezko bertso plaza aberastuko dugu, garai honetarako Lankuren bidez hitzartuta zeuden zenbait saio sarean eskainita, eta bertsolariek proposamen ordainduak izatea bermatuta.

Konfinamendutik ateratzeko baldintzak ezagutu ahala berrikusiko ditugu hartutako erabakiak

Esperimentaziorako tartea izatea nahi dugu, gainera; edukiok Bertsoa.eus ataritik bideratuko dira.

  • Potokastak: Bertsolari gazteei egindako elkarrizketak dira, entzutekoak. Azken asteetan ditugu www.bertsoa.eus atarian, Ane Zuazubiskar, Eli Pagola, Peru Abarrategi, Aitor Bizkarra, Sarai Robles eta Aner Peritz bertsolariekin osatutakoak. Sorkuntza jolas txikiekin gozatzeko aukera izango dugu astelehenero.
  • Plaza: Lehendik lotuta zeuden eta mantendu nahi dituzten edo datozen hilabeteetan saioren bat antolatu nahi duten antolatzaileei saioak online egiteko aukera eskainiko die Bertsozale Elkarteak. Lankutik saioak kontratatzen dituzten antolatzaileei eskainiko zaie aukera. Villabonako Subijana etxean prestatu dugu grabaketa lekua, beharrezko osasun neurriak hartuta, baina denborarekin herrietatik saioak egiteko aukera aztertuko da, konfinamendu aginduen arabera beti ere. Saioak osorik eskainiko dira www.bertsoa.eus atarian, zuzenean edo diferituan, antolatzaileak erabakitzen duen egunean.  
  • Bidaiak: Inertziak hautsi eta esperimentazio gunea izango da. Ekitaldi formatuetan eta gaitegian berritzaileak izan nahi duten saioak eskainiko dira, molde ezberdinetakoak, asteazkenetan. Herrialde eta adin ezberdineko bertsolariei eman nahi zaie ahotsa; helbidean gustura asko jasoko ditugu proposamenak.

 

Ekarpena egiteko kanalak

Bertsozale Elkarteak bere baliabideekin finantzatuko ditu egitasmo hauek, baina bertsozaleek eta herritarrek izango dute ekarpena egiteko aukera kanal hauen bidez, maiatzaren 2tik aurrera:

  • 688.886.935 telefono zenbakian Bizum bidez; eta
  • Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko honako kontu edo IBAN kodean:

ES16 3035 0060 43 0600042844  >>>  BIC (Swift) kodea behar izanez gero, CLPEES2MXXX 

Egoerak aldakor samarra izaten jarraitzen duenez, joango gara neurriok berrikusten eta doitzen.

Iazko datuak oinarri, 400 saiotik gora geratu dira bertan behera asteotan. / XDZ