Bertso-eskola feministetan izena emateko epea ireki da

2021/09/16
Irailaren 26ra arte izango da Ahalduntze Bertso Eskola Feministan eta Gizonentzako Bertso Eskola Feministan izena emateko aukera.

2021-2022 ikasturtea hastear da Ahalduntze Bertso Eskola Feministan eta Gizonentzako Bertso Eskola Feministan: zazpigarrena izango da batean eta hirugarrena bestean. Lanketa feminista dute helburu biek: Ahalduntze Bertso Eskola Feministaren bidez, plazako bat-bateko jardunari begira trebatu nahi dira emakume bertsolariak; eta Gizonentzako Bertso Eskola Feministan, gizonezko gisa, generoaren gaiak duen eraginaz eta norbere kokapenaz hausnartzea da asmoa.

Eman izena hemen: Ahalduntze Bertso Eskola Feministan edo Gizonentzako Bertso Eskola Feministan

Teoria, praktika eta talde dinamika uztartzen dira bertso-eskola hauetan: ikasturte osoan zehar saioetan parte hartzeko konpromisoa, esperimentazioa eta aniztasuna eta errespetua ditu oinarri. Hilean behin, larunbatez, izaten dira saioak Amasa-Villabonako Subijana etxean, 10:00etatik 14:00etara. Ahalduntze Bertso Eskola Feministaren kasuan, aurten, izen-ematearen arabera, bi talde osatzeko aukera egongo balitz, talde bat Durangon elkartzea aztertuko da.

Lehen saioak: urriaren 9an eta 16an

Emakume bertsolariei zuzendutakoa izango da Ahalduntze Bertso Eskola Feminista; aldiz, gizonezko bertsolarientzat ez ezik, gai-jartzaileentzat ere eskainiko da Gizonentzako Bertso Eskola Feminista. Bertsolariez eta gai-jartzaileez gain, bertso munduan dabilen eta gaian interesa duen edonor ongietorria izango da Gizonentzako Bertso Eskola Feministara.

Batean zein bestean gaur ireki da izen-ematea irailaren 26ra arte, azken egun hau barne. Behin izen-ematea itxita, irailaren 30ean emango da taldearen osaketaren berri, eta behin onartuta bideratuko da ordainketa. 150 eurokoa da ikastaroa.

Urriaren 9an hasiko da Gizonentzako Bertso Eskola Feminista eta urriaren 16an Ahalduntze Bertso Eskola Feminista. Egutegi osoa ikusteko eta izen-ematea gauzatzeko, beheko lotura hauetan sakatu:

Ikasturte on!

Bertso-eskola hauen inguruko erreferentziak:

Urritik ekainera bitarte, bederatzina saio egingo dira eskola hauetan.