Bertso Egunekoak, sarean

2020/01/22
Eguerdiko ibilbidean entzundako bertsoaldiez gainera, bi bertso bazkaritakoak ere jaso ditu Bertsoa.eus atariak. Bestalde, Aramaion bertan larunbatean aurkeztutako Arabako Bertso Kuadrilla Artekoaren ingurukoak ere eskainiko ditu.

Bertso Egunaren biharamuna bertsozale gautxoriengan ez ezik, nabaria da Bertsoa.eus atarian ere. Sarera ekarriko ditu aste honetan Aramaioko kaleetan egindako ibilbidean entzundako bertsoak eta baita egin ziren bost bertso bazkarietako bitan bildutako aleak ere: Zabola elkartean aritu ziren Ane Labaka eta Iñaki Viñaspre eta ikastetxeko jangelan Beñat Gaztelumendi eta Jone Uria.

Bestalde, ostiral honetan hasiko den Arabako Bertso Kuadrilla Artekoa aurkeztu genuen larunbatean, eta azalpenak entzungo ditugu Arabako Bertsozale Elkarteko Uxue Diaz de Cerio kidearen ahotik eta parte hartzaile izango diren Aroa Arrizubieta eta Jon Ruiz de Pinedo bertsolarienetik.

Elizondoko bertso saio literarioa ere bai sareko plazan: Alazne Untxalo eta Julio Soto aritu ziren bertsotan, Dani Martiarena idazlearen parte-hartzearekin batera.

Arabako Bertso Kuadrilla Artekoa aurkeztu genuen larunbatean.