Berriozarren eta Plentzian izan da Bertsoa.eus

2019/09/02
Bi plaza horietako bertsoaldiez gain, bertsolaria eta Bertsozale Elkarteko Zuzendaritzako kidea den, Miren Artetxeri egindako elkarrizketa sareratuko da plaza digitalean.

Udan bertso saio andana gauzatzen ari dira han hemen herrietako jaien baitan eta saioak non, han ibili dira Bertsoa.eus-eko lagunak ere. Berriozarren eta Plentzian izan ziren pasa den astean eta saio horietako bertsoaldiak ikusgai izango dira aste honetan.

Abuztuaren 26an, Berriozarreko Euskal Herria plazan aritu ziren kantuan Onintza Enbeita, Oihana Iguaran, Unai Iturriaga eta Josu Sanjurjo bertsolariak Alaitz Rekondo gai emailearen aginduetara. Irailaren 1ean, aldiz, Plentzian, Ontziola plazan, Erlantz Ibargurengoitiak jarritako gaien harira abestu zuten Andoni Egañak, Eneko Lazkozek, Alaia Martinek eta Jone Uriak.

Elkarrizketen atalean Miren Artetxeri egindako elkarrizketa argitaratuko da ostegunean eta astean zehar bertsolaritzaren baitan puri-purian dauden albisteak eskainiko dira.

Miren Artetxe bertsolaria eta Bertsozale Elkarteko Zuzendaritzako kidea elkarrizketatu du Bertsoa.eus-ek