Bazkideek babestu dute Bertsozale Elkartearen aurtengo egitasmoa

2021/03/18
Batzar Nagusian aurkeztu dira 2020ko balantzea eta 2021eko egitasmoa. Pandemiak proiektuan eragina izan du azken urtean, baina egoerari erantzuteko doikuntzak egin eta mekanismo berriak sortu ditu elkarteak.

2020a amaitu eta 2021a hasi da gaur Bertsozale Elkartean. Batzar Nagusia egin dugu arratsaldean, eta iazko eta aurtengo balantzea eta aurrekontua onartu dituzte bazkideek.

Batzarra online edo aurrez aurre jarraitzera deituta zeuden bazkideak: guztira, 70 bat lagunek egin dute bat bileran. 18:30ean hasi da Amasa-Villabonako Subijana etxean, Euskal Herriko Bertsozale Elkartearen egoitzan. Lehendakaritza taldeko Maialen Lujanbio eta Miren Artetxe kideek egin diete harrera bazkideei. Gerora aurkeztu diren alderdi nagusiak aletu dituzte: gehienak ere pandemiaren ondorioei eta hauei aurre egiteko neurriei lotutakoak, baina izan da bestelakorik ere.

Plazan eta bertso-eskolen funtzionamenduan

Urte zaila izan da pandemiaren eraginez. Bertso-eskolen funtzionamendua geldotu egin da eta bertso saio asko galdu dira. Azken horiek gutxitu ahala, Bertsozale Elkarteak horiek gehitzen egin du apustua. Edonola ere, ondorioak bertso saioetan ez ezik, hauek antolatzen aritzen diren egituretan ere izan dira: esate baterako, Lanku Kultur Zerbitzuak Aldi Baterako Enplegu Erregulazioko Espedientearekin izan da hiru hilabete eta erdiz. Plazako datuak eskaini dituzte Beñat Gaztelumendi lehendakaritza taldeko kideak eta Oier Iurramendi sustapen eragileak.

Egoera honetan, lehen kaltetu zuzenak bertsolariak izan dira, eta horri erantzuteko Sormen Kutxa delakoa ondu du Bertsozale Elkarteak 2020an. Bertsolarien kalte ekonomikoak leuntzeko neurria izan da. Aurrera begira ere, lanketa horrekin jarraitzeko asmoa dago: "Norantza honetan sekula ez genuen ariketa egin: elkartetik bertsolarietara", nabarmendu du Igor Elortza lehendakaritza taldeko kideak.

Sormen Kutxa delakoa ondu du Bertsozale Elkarteak: "Norantza honetan sekula ez genuen ariketa egin: elkartetik bertsolarietara"

Txanponak badu ifrentzurik, ordea. Hezkuntza arautuko proiektua ez da bereziki kaltetua izan azken urtean, eta horretan, besteak beste, izugarri lagundu dute aurretik garatuta ziren bertso irakaskuntzarako webguneek. 29.500 ikasleei eskaintzen zaie bertsolaritza eskola orduetan, elkarteko 53 irakasleri esker. Ikasturtea joan eta ikasturtea etorri, bertsolaritza irakasteko prozesuan hobekuntzak egiten ari da taldea, eta gauza berriak probatzen: irakasteko metodologian aldaketak egin dira, ikasmateriala online ere garatzen ari gara eta, gainera, aurten argitaratu diren karta jolasak ondu dira.

Mintzola, birdefinitzen

Beste zenbait erakunderekin osatutako egitasmoa da Mintzola Ahozko Lantegia. Proiektua birdefinitzeko gogoeta prozesua gauzatuko da 2021ean, funtzionamenduari eta edukiari buruz erabakiak hartzeko. "Hamabost urteko ibilbidea egin dugu, eta bidea oparoa izan da: bertsolaritzaren ikerketari dagokionez, pauso esanguratsuak eman dira; unibertsitateekin harreman iraunkorrak landu dira; Xenpelar Dokumentazio Zentroaren jardueraren gizarteratzean aurrerapausoak eman dira…", gogoratu du Mintzolako patronatu kidea ere baden Beñat Gaztelumendik.

Parte hartzeko moduei begira

"35 urteko bidean, Bertsozale Elkarteak etengabe erreparatu izan dio bere funtzionatzeko moduari. Oraingoan, ordea, azterketa horri denbora eta sakontasun handiagoa eskaintzea zen helburua", azaldu du Gontzal Agote Bertsozale Elkarteko lehendakaritzako kideak.

Partaidetza dinamika abiatu zuen Bertsozale Elkarteak udazkenean. Aurreikusitakoa baino beranduago hasi da halabeharrez, baina, prozedurak egokituta, martxa ederrean ari da garatzen. Elkartean parte hartzen duten kideak lantaldeka elkartu dira, guztira 30 taldetan egin da ariketa, eta gune bakoitzeko zein gune arteko funtzionamenduaren inguruan egin dute gogoeta. Bigarren faseari helduko zaio apirilean, egindako diagnositik abiatuta, funtzionamendu egokirako neurriak adosteko.

"Dinamika eta intentsitate biziko elkartea da gurea eta, elkartetik harago, bertsolaritzaren mugimendua bera ere eragiteko grinaz dagoen jendez betea dago. Indar horri lekua eskaintzea eta denok parte hartzeko ahalik eta modurik erosoena aurkitzea da gure asmoa", gehitu du Agotek.

"Elkartetik harago, bertsolaritzaren mugimendua bera ere eragiteko grinaz dagoen jendez betea dago. Indar horri lekua eskaintzea eta denok parte hartzeko ahalik eta modurik erosoena aurkitzea da gure asmoa"

Elkartearen baitan ari direnak ez ezik, 2.500 bazkidek sostengatzen dute Bertsozale Elkartearen proiektua: "Funtzionamenduari buruzko gogoetarekin batera, bazkidetzari buruzko gogoeta egingo dugu laster, eta bazkideen datu-baseak eguneratzeko lana egingo dugu lehentasunez", azaldu du Jon Agirresarobe Bertsozale Elkarteko koordinatzaileak.

2020ko eta 2021eko balantzea eta aurrekontua ontzat eman dira aho batez: "Onura orokorreko elkarteko elkarte izendatzeko pausoak ematen ari gara", gehitu du lehendakaritza taldeko Xabi Igoak.

Amaitzeko, lurraldeetako elkarteetan onartutako egitasmoetako gako nagusiak azaldu dituzte lurraldeetako elkarteetako lehendakariek: Arabatik Ekaitz Elorriagak, Bizkatik Belate Olabarriak, Gipuzkoatik Asier Azpirozek, Lapurdi, Baxenabarre eta Zuberoatik Xumai Muruak eta Nafarroatik Alaitz Rekondok. Plaza indartzeari eta gazteen plazaratzeari lotutako proiektuak izan dira batez ere aurkeztutakoak, eta elkarteotako zuzendaritzetan egin diren aldaketak ere aipatu dira. Euskal Herriko elkarteko lehendakaritza taldean ere izan dira aldaketak: Arrate Illarok utzi du taldea eta Gontzal Agote batu zen iaz.

Hementxe dituzue irakurtzeko moduan 2020ko memoria eta 2021eko egitasmoa.

Aho batez onartu da gaur 202ko balantzea eta 2021eko egitasmoa. / XDZ