Batzar Nagusirako izen-ematea, martxoaren 10era arte

2021/02/22
Gaur hasi eta batzarra baino astebete lehenagora arte eman ahal izango da izena: aretoan bertan nahiz online jarraitzeko aukera eskainiko zaie bazkideei.

Duela zenbait aste iragarri bezala, martxoaren 18an gauzatuko dugu Bertsozale Elkartearen 2021eko Ohiko Batzar Nagusia; Amasa-Villabonako Subijana etxean izango da, 18:30etik aurrera. Antolaketa eta toki arrazoiak tarteko, batzarrean parte hartu nahi duten bazkideek izena eman beharko dute aurretik, izen-emate orri hau beteta edo +34 943 69 41 29 telefono zenbakira deituta. Aretoan bertan nahiz online jarraitzeko aukera izango dugu bazkideok, eta zein aukera hobesten den adierazi beharko da izena ematerakoan. Martxoaren 10a baino lehen eman behar da izena.

Aurretik, lurraldeetako elkarteetan

Arabako Bertsozale Elkarteak otsailaren hasieran abiatu zuen batzarren hitzordu zerrenda; otsailaren 7an egin genuen lehen batzar hura. Segidan etorri dira Nafarroako Bertsozale Elkartekoa eta pasa berri den asteburuan egin genuen Bertsularien Lagunak elkarteari zegokiona.

Martxoan egingo ditugu Gipuzkoako eta Bizkaiko elkarteetakoak: hurrenez hurren, martxoaren 10ean bata eta 13an bestea.

2020ko Batzar Nagusia, atzeratuta, uztailean egin genuen. / XDZ