Bapatean 2019, bertsozaleen eskura

2020/11/19
Aurtengoan sarean jarri dugu urteko bertsoaldien bilduma: liburua zein bertsoaldien audioak eta transkripzioak bertsolaritzaren datu-basean dituzue.

Pandemiak gauza asko Internet sarean egitera behartu gaitu, eta horrek are gehiago azkartu ditu digitalera egin beharreko urratsak. Hala gertatu da Bapatean 2019 bildumarekin: urtero kaleratzen dugun ekoizpena BDB bertsolaritzaren datu-basean jarri dugu eskuragai.

Esan gabe doa, ekoizpena diskora eta paperera ez ekartzeak eta haien bidalketa ez egiteak abantailak dakartzala ingurugiroari eta alor ekonomikoari dagokionez; bestela ere aintzat hartzeko alderdiak, baina are gehiago egungo egoera honetan. Paperarekiko atxikimendua duzuenok liburua osorik PDF fitxategian deskargatzeko aukera izango duzue, eta, audioak online entzun gabe, fitxategi guztiak eskuratu nahi dituzuenok helbidera idatzita lor ditzakezue.

Gai, doinu eta ekitaldien ohiko informazio guztia ere badakar argitalpenak; eta transkripzioa ez ezik, audioan entzuteko aukera ere bai

Liburua lotura honetan duzue; edota bdb.bertsozale.eus atarira sartu eta liburutegia ataleko bilatzailean Bapatean 2019 sartuta topa dezakezue. Aurreko Bapatean antologiak ere topatuko dituzue sareko liburutegi horretan, Xenpelar Dokumentazio Zentroak digitalizatuta baititu liburuan eta diskoan atera izan ziren lehengo argitalpenok. 1988an ateratzen hasi ginenetik bertsoaldien audio guztiak topa daitezke, eta 1999tik aurrera liburuaren PDF fitxategiak ere bai. Xenpelar Dokumentazio Zentroak garaira egokitzeko eta ondarea digitalizatzeko egindako ahaleginari zor zaio hori.

Bertso plazaren erakusleiho

Aroa Arrizubieta Barredo bertsolari gasteiztarrak idatzi du Bapatean 2019 laneko hitzaurrea: “…Jolasa, arnasa, kalabaza, erraza... zer da bertsoa eta zer da plaza?”.  

Hain zuzen, zer den bertsoa eta zer den plaza, horri erantzun nahi dio Bapatean bildumak: plazako jardunaren erakusleiho izan nahi du, eta horretarako jasotzen du plazak eman duenaren lagina: Bapatean 2019 lanak 55 bertso saiotatik hartutako 92 bertsoaldi jasotzen ditu, eta horien baitan topa daitezke 632 bertso transkribaturik. Gai, doinu eta ekitaldien ohiko informazio guztia ere badakar argitalpenak; eta transkripzioa ez ezik, audioan entzuteko aukera ere bai.

Bertsozalearentzako gozagarri izateaz gainera, ikertzaileentzat baliagarri ere bada Bertsozale Elkarteak Mintzola Ahozko Lantegiaren bidez gauzatutako ekoizpena, hainbat datutatik abiatuta, behaketarako eta ikerketarako aukerak ematen baititu.

Gozatzeko edo ikertzeko, sarean da Bapatean 2019.

[DESKARGATU BAPATEAN 2019]