Badator Eskolartekoa!

2017/02/08
Lurralde guztietan egingo dira gazteen neurrira antolatutako saioak; finalak udaberrian jokatuko dira, gehienak Bertso Eskolen Egunen baitan. Ikastolen Elkarteak eta Bertsozale Elkarteak elkarlanean antolatzen dugu Eskolartekoa.

Azken urteetako bide beretik dator aurten ere Eskolartekoa, gazteen neurrira egindako saioekin. Haur eta gazteek jendaurrean kantatu ahal izateko guneak eskaintzen dira Eskolartekoan: harremanak egin, euren hurbilekoak bertsozaletu eta antolakuntza lanetan ardurak hartzen ikastea da Eskolartekoaren helburua.

Aurten ere saioak izango dira lurralde guztietan eta gero baita Euskal Herri mailako festa ere. Herrialde guztietan oinarri nagusi berak konpartitzen dira, baina bakoitzak bere berezitasunekin. Eskolartekoak barnebiltzen duen guztia Ikastolen Elkarteak eta Bertsozale Elkarteak antolatzen dugu, elkarlanean.

Gazteenentzako, bertso merenduak

15 urtetik beherako gazteak ez dira txapelketan lehiatuko. Eurentzako, bertso merenduak antolatuko dira hainbat herritan. Inguruko bertso-eskoletakoak elkartuko dira, eta giro hurbilean eta goxoan egingo dute bertsotan.

Urtean zehar egiten diren bertso merendu eta gazteen saioez gain, 15-18 urtekoek Eskolarteko txapelketan kantatzeko aukera ere izango dute. Nahi duten moduan parte hartu ahal izango dute txapelketan: bertsolari moduan, zein gai-jartzaile moduan. Antolakuntzan parte hartzeko gonbita ere luzatuko zaie.

Lurralde bakoitzak bere txapelketa izango du. Kanporaketak formatu goxoan egingo dira: bertso afari zein merendu bueltan, edo areto txikietan. Hilabete honetan bertan hasiko dira, esate baterako, gipuzkoarrak. Finalak, berriz, oholtzan izango dira, herrialdeko Bertso Eskolen Egunaren baitan kasu gehienetan.

Euskal Herriko finala, ostera, jai giroan egingo da. Ipar Euskal Herrian egingo da aurtengoa, ekainaren 10ean.

Saria: Ahots Baten sormen egonaldia

15-18 urte bitarteko Euskal Herriko finalistek sari ederra edukiko dute: Ahots Baten Sormen Egonaldian dohainik parte hartzeko aukera. Egonaldia 2017ko Gabonetan egingo da, eta Euskal Herri mailako sormen egonaldia izango da. Eskolartekoan parte hartu duten gazte guztiei zabalduko zaie egonaldian parte hartzeko aukera.

Egutegian biribildu beharrekoak

  • Gipuzkoa. Apirilaren 2an, Azpeitian
  • Nafarroa. Apirilaren 28an, Leitzan
  • Araba. Maiatzaren 13an: gazteak. Maiatzaren 27an: umeak
  • Lapurdi, Baxenabarre eta Xiberoa. Maiatzaren 20an, Hazparnen
  • Bizkaia. Ekainaren 3an
  • Euskal Herriko finala eta festa. Ekainaren 10ean, Ipar Euskal Herrian

Iaz Ereñotzun egin zen Euskal Herriko Eskolarteko festa.