"Azken Bidaia" heriotzari buruzko bertso saioa, Hitzetik Hortzera

2021/09/23
"Azken Bidaia" izeneko bertso saioan, heriotza gaitzat hartuta aritu ziren bertsolariak kantuan. Saioko bertsoaldiak entzuteaz gain, kantuak dolu prozesuetan duen garrantziaz ere egin dugu solas Nere Erkiagarekin. Hitzetik Hortzera: larunbatean, ETB1en.

Azken urtean zehar, emanaldi eta bertso saio berritzaileak bultzatu asmoz, Bidaiak deituriko saio tematikoak antolatzen aritu da Bertsozale Elkartea; eta heriotzari eskaini zion azkena, ekainean. Azken Bidaia izena hartu zuen Bertsozale Elkarteak eta San Telmo Museoak elkarlanean egindako saioak; denok egin beharreko azken eta behin betiko bidaia baita heriotzarena.

Heriotzaren inguruan aritu ziren bertsotan Andoni Egaña, Julio Soto, Maialen Lujanbio eta Miren Amuriza, eta Jon Sarasuak ere parte hartu zuen, bertso jarrien bidez. Ainhoa Aranburuk sortu zituen kanturako gaiak eta Aintzane Irazustak eman zituen oholtzan. Aste honetako programan, saioko bertsoaldi ederrenen hautaketa zabala izango da protagonista.

Horrez gain, heriotzak eta ahotsak duten loturaren inguruan ere hitz egingo dugu saioaren antolaketan lagundu zuen Nere Erkiagarekin. Bertsozale Elkarteko lankidea izateaz gain, heriotzarekin lotutako gaien dibulgatzailea ere bada bera.

Bertsoaldi kuttuna, Aulestitik

Azken Bidaia saioaz gain, 2009ko BECeko finalera eramango gaitu aste honetan Libe Kareaga aulestiarraren bertsoaldi kuttunak. Andoni Egaña eta Maialen Lujanbio izango dira protagonistak.

Ez galdu, Hitzetik Hortzera, larunbatean, ETB1en: aste honetan, 21:20 inguru, Zinemaldiko amaiera ekitaldiaren ondotik, eta edonoiz, EITB Nahieran atarian.

Nere Erkiagarekin elkartu da Eider.