Aurtengo egitasmoa aurkeztu zaie bazkideei Batzar Nagusian

2016/03/05
Bergarako Irizar Jauregian egin da bilkura 11:00etatik aurrera. Aho batez onartu da 2016ko egitasmoa; "Europa bat-batean" proiektua nabarmendu da haren baitan.

Goizeko 11etan puntuan abiatu da Euskal Herriko Bertsozale Elkartearen 2016ko Batzar Nagusia. Bergarako Irizar Jauregiko aretoa bete dute hurbildutako bazkideek. Iñaki Murua Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko lehendakariak hartu du hitza: bertaratutakoak agurtuta, 2015eko egitasmoaren azalpena eskaini da ikus-entzunezko bidez eta balantze ekonomikoari loturiko xehetasunak emanda, onartu egin da.

Ondotik, herrialdeek euren egoeraren berri eman dute lehendakariaren ahotik eta, gero, sail bakoitzak bere egitekoen azalpena eskaini du. Horietako sail bakoitzak, besteak beste, ertz ezberdinetatik heldu dio Mintzolak garatuko duen Europa bat-batean proiektuari eta hala horixe nabarmendu da aurtengo egitasmoaren baitan. Kantu inprobisatuaren nazioarteko topaketa hauek pasa den udazkenean abiatu ziren, Leonen eta Bartzelonan egindako topaketa banarekin, eta aurtengoan ere jarraipena izango dute; are gehiago, topaketa horien muina iristeke dago. Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburua izango du bidelagun Mintzolak proiektu honetan. Bazkideei topaketa hauen nondik norakoak kontatu zaizkie, eta datozen asteetan xehetasunak zabalduko dira honen inguruan.

Mintzolaren baitan kokatzen den proiektu honetaz aparte, beste hainbat egitasmo aipatu dituzte herrialdeetako eta sailetako ordezkariek: Bizkaian eta Lapurdi-Baxenabarre-Xiberoan gauzatuko diren txapelketak, gazteen egonaldi diren bertso-udalekuak eta era berean beste hainbat diziplinaren elkargune den Ahots Baten, edota Xenpelar Dokumentazio Zentroaren bilketa indartzeko eta euren egitekoa gizarteratzeko ekintzak.

2016ko egitasmoa aho batez onartu da. Euskal Herriko Bertsozale Elkartearen Batzar Nagusia izan da aurtengo azken bilkura; aurrez egin ziren urtarrilean Arabakoa eta Nafarroakoa, eta otsailaren amaieran Bertsularien Lagunak elkartekoa, Bizkaikoa eta Gipuzkoakoa.

Aritz Zerain EHBEko koordinatzailea, Batzar Nagusian