Ate bakoitza, aukera berri bat euskararentzat

2020/11/06
"Bertsozale Elkartean ere freskatu, aireztatu eta astindu ditzagun hizkuntza ohiturak, gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan". Idoia Trenor Zulaika Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko koordinatzailearen ekarpena, gure blogean.

Bertan dugu Euskaraldiaren bigarren edizioa. Azaroaren 20tik abenduaren 4ra izango da 15 eguneko esperientzia; eta, aurten, norbanakoak ez ezik, taldeak ere arituko gara. Arigune izango gara.

Bertsozale Elkartea arigune izango da, barrura nahiz kanpora begira. Gure praktika eta izana euskarak ardazten du, eta euskaratik jarduten dugu.

Baina, izan lan jardunean edo lan eremutik kanpo, hizkuntzaren inguruko ariketa pertsonal zein kolektiboan sakontzeko aukera dugu: Euskaraldiak horretarako parada eskainiko digu. Euskararekin lotzen da bertsogintza eta bertsolaritza, eta gure ohiko jarduera euskaraz bada ere, kanpora begira zer egina badugu oraindik. Euskararen erabileran pausoak ematen jarraitzeko bidea dugu egiteko. Bide horretan, erakunde, elkarte eta, orokorrean, entitateok ardura hartzea ezinbestekoa da, gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan aritu nahi badugu.

Inoiz baino igurtzi gehiago behar dugun honetan, eta harremanek ematen duten abaroa kontuan izanik, euskaraz egin nahi ditugu harremanak, euskaraz nahi dugu kohesioa topatu, hor sentitzen baikara goxo

Gure ohiko jardunean adibideak askotarikoak dira: bertso saio baten atariko muntaketa eta osteko jasotzea euskara hutsez egitea kosta egiten zaigu oraindik; edota, bestalde, eguneroko lanean zenbait hornitzailerekin dokumentuak euskaraz trukatzea ez dugu lortu oraindik. Horregatik, Euskaraldiak iraun bitartean, ahalegin horretan arituko gara Bertsozale Elkartean. Gure eguneroko inertziak apurtzeko nahi horrekin, gure lan eremu nahiz pertsonalean Ahobizi eta Belarriprest roletan blaituta.

Inoiz baino igurtzi gehiago behar dugun honetan, eta harremanek ematen duten abaroa kontuan izanik, euskaraz egin nahi ditugu harremanak, euskaraz nahi dugu kohesioa topatu, hor sentitzen baikara goxo.

Euskaraldiak eskaintzen digu eguneroko inertziak apurtu eta ate berriak irekitzeko aukera. Bada, pentsa dezagun gutako bakoitzak zein ate berri irekiko dugun egun horietan.

Norbanako bakoitzak zabalduko duen ate bakoitza aukera berri bat da, euskarak irabaziko duen espazio, gune edo harreman berri bat izango da. Ariketa kolektiboa izateak efektu biderkatzailea sortzen duen dudarik ez dago, hala ikusi genuen lehen edizioan. Aldiberekotasunak sortzen duen energiari taldeko adostasuna gehituko zaio oraingoan. Norbanako gisa eta taldean hartzen ditugun erabakiek duten garrantziaz jabetzeko eta hori esperimentatzeko aukera ederra da: kolektibotik eraikitzen jarraitzeko aldia izango da.

Etengabe gauzak bertan behera edo atzeratzen eta arduraz hitz egiten den garaiotan, norbanakoari ez ezik, herri egiten gaituenari eta barruan dugunari erreparatzeko garai ederra da.

Azkenik, besarkada estua bidali nahi diegu Euskaraldiko batzordeetan ari diren langileei eta borondatezkoei. Asko gure lan taldeetan aritutakoak dira edo, gaur egun, bertsoaren bueltan ere lanean ari dira. COVID-19 pandemiak militantzia eta aktibazio modu guztiak zaildu ditu; horregatik, balioan jarri nahi dugu herriko dinamiketan eta maila nazionalean eragiten ari diren pertsonen lana.