Askotariko harremanak Bertso Egunean

2021/03/29
Hitzaren dotoreziaz, harreman mota ezberdinak harilkatu ziren Getariako Bertso Egunean.

160 bertsozalek eta aretoko beiratetik sartzen ziren argi izpiek jantzi zuten Getariako Cristóbal Balenciaga Museoko areto dotorea.

Ia bi orduko saioa borobildu zuten Alaia Martin, Unai Iturriaga eta Uxue Alberdi bertsolariek, gaiak, hitzak eta argudioak josiz. Denetariko rolak bete behar izan zituzten, askotariko harremanak irudikatuz: goxotik, umoretik, ironiatik…

Maite Berriozabal gai-jartzaileak agurrean adierazi bezala, bertsoa ez da testu bat bakarrik, bertsoa ekintza bat da, momentu bat da, jende bat da. Denok gara bertsoaren parte eta, halaxe harilkatu zen larunbateko Bertso Eguna, ariketaz ariketa, bertaratutako guztien -bertsolari, kolaboratzaile, gai- jartzaile, bertsozale, antolatzaile- josturari esker.

Manex Agirreren kopla fisikoek, Rosi Lazkanok emakume jostunei eskainitako bertso sortak eta Eli Pagolaren eta Maider Arregiren ‘Andre Txarraren Bentajak’ bollo bertso sortak, aberastu zuten saioa.

Hemen larunbateko bertso saioko argazkiak.

Gogoan izan Hazparnen izango dela 2021eko hirugarren Bertso Eguna. Emanaldi horretarako sarrerak eskuragai daude www.bertsosarrerak.eus atarian

Uxue Alberdi, Alaia Martin eta Unai Iturriaga Getariako Bertso Egunean. Iturria: Xenpelar Dokumentazio Zentroa