Arabako ekosistema, Hitzetik Hortzeran

2018/10/31
Bertsolaritzaren maparen aurrean kokatu eta ertzak zabaldu beharrean ingurune jakin batean sakonduko dugu igandeko programan. Araba izango da lurraldea eta bertako bertsolaritza nola dagoen galdetuko diegu bertakoei; ez hori bakarrik, Gasteizen eta Aramaion botatako aleak ere entzungo ditugulako.

Igandeko programan Araban bertsolaritza nola bizi den jakingo dugu eta horretarako Eider Perez aurkezlea Gasteizera joango da. Hainbat bertso-eskola daude lurralde osoan zehar, eta helburu, ezaugarri eta amets ezberdinetako zaleek eta bertsolariek hartzen dute aterpe horietan; Aroa Arrizubietak eta Felipe Zelaietak kontatuko digute beren esperientzia.

Oihane Perearekin ere egongo gara, Arabako egungo txapeldunarekin. Bertso-irakaslea da haur eta gaztetxoekin eta oso ondo ezagutzen du zein den egun Arabako mugimenduaren egoera. Xabi Igoa Aramaioko bertsolariarekin hitz egiteko aukera ere izango dugu, eta berari ere eskatuko diogu iritzia.

Aramaioko Kopla Txapelketa 2018-11-04, HH_06

Arabako Bertsozale Elkarteak bertso-jaialdia antolatu zuen urriaren 18an Gasteizko Jimmy Jazz aretoan. Han elkartu ziren Arabako bertso-eskola ezberdinetako bertsolariak eta ondoren bertso saioarekin gozatzeko aukera izan zuten. Igandeko programan jaialdiko bertsoaldi onenak entzungo ditugu. Aintzane Irazustaren eta Marta Ugarteren gidaritzapean kantuan aritu ziren Iñaki Viñaspre, Maialen Lujanbio, Andoni Egaña eta Amets Arzallus.

Aramaioko bertso-eskolak antolatuta, Kopla Txapelketa izan zen Aramaion bertan urriaren 19an. Guztira, 12 bertsolari gaztek hartu zuten parte eta arratsaldean herriko kaleetan bi kanporaketa jokatu ostean, Iturrieta sagardotegian izan zen finala. Igandeko programan finaleko kopla onenak entzungo ditugu. Finaleko oholtzara igo ziren Maider Arregi, Jokin Labayen, Txaber Altube, Andere Arriolabengoa, Peru Abarrategi, Aitor Esteban, Martin Berrizbeitia eta Aitor Ugarte.

Hori dena igandean, 15:00etan, Euskal Telebistako lehen katean; eta zuzenean ikusi ezin duenak Internetez ere izango du aukera, EITBren Nahieran atarian.

Oihane Perea eta Eider Perez.