Amaitu dira Bertso Eguneko jaialdirako sarrerak

2018/01/23
Bazkarirako txartelak ere bukatuta daude. Iazko atsedenaren ondotik larunbatean itzuliko da Bertso Eguna; aurtengoan, Mungiara.

Bertsozaleak markatua du egutegian urtarrilaren 27a. Orduan berrartuko du bere bidea Bertso Egunak; aurrekoekin alderatuta, ordea, bide ezberdina egingo du eta Donostian errepikatu gabe, Bertso Egun ibiltariaren lehen edizioa gauzatuko da Mungian.

Markatua du agendan bertsozaleak, bazkarirako zein jaialdirako sarrerak amaitu baitira. Bazkaria 14:00ak jota egingo da hiru elkarte ezberdinetan - txartela eskuratu baduzu, gogoratu elkartearen bila hasi gabe plazan egingo dugula hitzordua eta handik elkarrekin joango garela bazkaltzeko gunera -, eta bazkari bakoitzean bina bertsolari ariko dira bertsotan: Julio Soto eta Onintza Enbeita Ehiza eta Arrantza Elkartean, Sustrai Colina eta Miren Amuriza Anaitasuna Elkartean eta Igor Elortza eta Jone Uria Guri Zer elkartean. Jaialdia 19:00tan hasiko da Mungiako Olalde aretoan: Amets ArzallusManex AgirreSebastian LizasoOihana Bartra eta Unai Iturriaga bertsolariak ariko dira, Alaitz Rekondo gai-jartzailearen esanetara. Artista gonbidatuak ere ez dira faltako: Patxo Telleria eta Mikel Martinez antzerkilariak, Adrian Garcia de los Ojos musikaria edota Jon Martin bertsolaria, esate baterako.

Mungiako Udalaren eta Taket Bertsolaritza Alkartearen laguntza izan du Bertsozale Elkarteak Bertso Eguna antolatzeko.

Eguerdian, mahai-ingurua

12:00etan hasiko da, ordea, eguna. Torrebillela eraikinean,  Alaia Martinen gidaritzapen mahai-ingurua izango baita. Aurtengo Bertso Egunak kantuen letra sorkuntza eta bertso idatziak izango ditu helduleku eta gai horren bueltan ariko dira Rafa Rueda eta Maria Rivero musikari eta abeslariak, eta Jon Maia bertsolaria. Jarraian poteoa egingo da otordura bitarte Mikel Barandiaranek eta Julene Otaegik girotuta, eta aurtengo Bertso Egunaren gaiari lotuta, bertso jarrien hautaketa bat abestuko da.

Larunbatean ikusiko dugu elkar!

2016an egin zen azken aldiz Bertso Eguna. / Alberto Elosegi - XDZ