Algortako eta Andoaingo bertsoaldiak, Bertsoa.eus atarian

2018/06/26
Sanpelaioak, sanpedroak eta sanmartzialak han eta hemen aitzakia hartuta, saio ugari izango da datozen egunotan; horien errepasoa ere egingo du sareko plaza digitalak.

Amets Arzallusek eta Maialen Lujanbiok balkoitik balkoira Algortan egindako saioa ikusgai izango da aste honetan Bertsoa.eus atarian; baita, sanjuanak tarteko, Andoainen Ion Belokik gidatutako jaialdiko lagina ere. Emanaldi honetan izan ziren Aitor Mendiluze, Amets Arzallus, Igor Elortza, Maialen Lujanbio, Oihana Iguaran eta Sustrai Colina.

Datozen egunotan ere, festak tarteko, saio ugari izango da han eta hemen eta horien errepasoa eskainiko du sareko plaza digitalak. Bestetik, Bertsolaritza Genero ikuspegitik ikastaroa ari da gauzatzen egunotan Iruñean, Ane Labaka eta Miren Artetxe ikertzaile eta bertsolarien ardurapean eta Nevadako Center for Basque Studies ikastegiarekin elkarlanean, Udako Euskal Unibertsitatearen baitan. Hango aditu eta arituen hitzak ari da biltzen Bertsoa.eus eta horiek ikusgai izango dira laster.

Herrietako plazek zein sarekoak ez dute etenik... datorren astean ere bertsolaritzak emango du gehiago!

Algortako balkoitik, bertsotan.