Aitor Sarasua gogoan, Bertsoa.eus atarian

2018/11/20
Bere bertso eta irudien bilduma bat osatuta gogoratuko du sareko plazak pasa den astean zendu zen bertsolaria.

Bertsolari, bertsozale, bertso eragile... "bertso" hitzari lagundutako atzizki asko gorpuzten ditu Aitor Sarasuak, bertsolaritzaren ekosistemari asko emandakoa izaki. Pasa den astean joan zitzaigun Itsasun errotutako aretxabaletarra eta Bertsoa.eus atariak gogoan hartu nahi izan du bere bertsoaldiekin eta irudiekin osatutako ikus-entzunezkoan. Astea amaitzerako ikusi ahal izango dugu.

Bestalde, Agin Laburu bertsolariarekin izandako solasaldia ere ikus-entzun ahal izango dugu. Iragan ostegunean arazo teknikoak medio ezin izan genuen ikusi eta aste honetan berrartuko dugu.

Albisteak eta bertsoaldiak ere ez dira faltako, noski: Bizkaiko Bertsolari Txapelketako lehen finalaurrekoa jokatu zen igandean Berrizen eta hango hautaketa dago jada sarean. Era berean, Ermuako saioko bertsoak ere izango dira entzungai.

Aitor Sarasuaren bertso eta irudiak berreskuratuko ditu atariak.