Ahots Baten sormen egonaldian izena emateko aukera, zabalik

2018/11/19
Bertsoaz gainera, antzerkia, kantua eta literatura lantzeko gunea eskaintzen du abenduaren 26tik 30era egingo den egonaldiak. Abenduaren 2ra arte eman ahalko da izena.

Gabonetako oporraldian Aubixako aterpetxean, Elgoibarren (Gipuzkoa), elkartuko dira antzerkiarekin, bertsoarekin, kantuarekin eta literaturarekin esperimentatzen duten gazte sortzaileak. Ahots Baten sormen egonaldia antolatu du laugarren urtez Mintzola Ahozko Lantegiak beste zenbait eragilerekin elkarlanean, gazteen sen sortzailea hauspotzeko helburuz eta haien artean harreman sareak osatzeko.

Abenduaren 26tik 30era bitarte gauzatuko den egonaldirako, ordea, izena eman behar da aurrez, eta horretarako epea ireki da gaur bertan abenduaren 2ra arte: Mintzola Ahozko Lantegiaren web gunean dagoen izen-emate orria beteta zein 943 693 870 zenbakira deituta eman daiteke izena. 1998 eta 2002 urte bitartean jaiotakoei zuzendutako deialdia da eta urtean zehar aipatutako diziplinetan trebatzen direnentzat.

Egun bakoitzean diziplina bati helduko diote gazteek, eta sorkuntza gai horri loturiko aditu bat joango zaie aterpetxera: bertsolaritzaren egunean, esate baterako, Unai Iturriaga eta Uxue Alberdi bertsolariak agertuko dira.

Informazio gehiago, www.mintzola.eus web gunean.

Julio Sotok eta Miren Amurizak hartu zuten parte aurreko edizio batean. / XDZ