Adin-adin ekimena igandeko Hitzetik Hortzeran

2019/01/03
Bertsoaren bidez adineko pertsonen gaitasuna sustatzeko ekimena da Adin-adin. Igandeko programan proiektuari buruz gehiago jakingo dugu eta horretarako Zorroagako egoitzara joango gara. Elgoibar eta Hernaniko bertsoaldiak ere entzungo ditugu.
Bertsolaritza adinekoen egoitzetan 
“Adin-adin” proiektua duela 4 urte jarri zen martxan Lanku Kultur Zerbitzuak enpresaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren elkarlanari esker. Bertsolaritza adinekoen egoitzetara iristaraztea du helburu, honek nagusien bizi kalitatea eta gaitasunak hobetu ditzakeelako. Gipuzkoako 14 egoitza daude proiektuan sartuta, eta beste probintzietara ere zabaltzen ari da pixkanaka. 
 
Egoitzetan “Adin-adin” proiektua nola bizi duten ezagutzeko, Agustin Jimenezekin elkartuko gara. Bera Zorroagako eragilea da. Ane Labaka bertsolariak “Adin-adin” proiektuaz bertso-jarri batzuk kantatuko dizkigu eta gaiari buruz galdetuko diogu. Agustin Jimenezen gidaritzapean bertso-saioa egin zuten Ane Labaka eta Andoni Egañak Zorroagako egoitzan eta bertako bertsoaldiak entzungo ditugu. 
 
Bertso jaialdiak Elgoibar eta Hernanin 
 
Elgoibarren bertso jaialdia antolatu dute abenduaren 27an herriko antzokian eta bertatik bertsoaldi onenak ekarriko ditugu. Kantuan ariko dira Miren Artetxe, Andoni Egaña, Nerea Ibarzabal, Unai Iturriaga eta Maialen Lujanbio. Gai-jartzaile lanak Uxue Alberdik egingo ditu. Hernaniko Sandiusterri egoitzan ere bertso jaialdia izango da, abenduaren 29an. Bertsotan izango dira Miren Artetxe, Beñat Gaztelumendi, Beñat Iguaran, Oier Iurramendi, Agin Laburu eta Maialen Lujanbio. Gai-jartzaile lanak Aritz Zerainek egingo ditu. 
Igande bazkalostean ETB1en 
Hori dena igandean arratsaldeko 15:00etan Euskal Telebistako lehen katean. Eta zuzenean ikusi ezin duenak Internetez ere izango du aukera EITBren Nahieran orrian. 
 
 

Ane Labaka eta Andoni Egaña Donostiako Zorroagako adinekoen egoitzan kantari