2020 urteko bertsoaldien bilduma, Hitzetik Hortzeran

2020/12/31
Ez da agian gogoratzeko moduko urtea izan, baina utzi du bertsoaldi gogoangarririk. Horiek ekarriko ditugu asteburu honetako programara.

Guztion gogoan iltzatuta geratuko da luzaroan 2020a. Kultur munduak eta bertsolaritzak ere ez dute berehala askatuko COVID-19a uzten ari den korapiloa. Zerbait ona ere utzi behar zuen urte honek eta bertsoaldi aipagarrienak ekarriko ditugu gogora Hitzetik Hortzeran.

Urteko lehen bi hilabeteetan saioak jendez lepo ikusi genituen. Urteroko neguko otorduak antolatu ziren bertsoen bueltan, eta elkarrekin jateko, gertutik hitz egiteko eta mikrofonoak lasai partekatzeko aukera zegoen oraindik. Urte hasierako Oiartzungo, Lasarte-Oriako, Bilboko, Senpereko, Arrasateko, Legazpiko eta Irungo saioetara egingo dugu jauzi.

Ondoren, konfinamendua iristearekin batera, kultur agendetako bertso saio guztiak bertan behera geratu ziren; eta bertsolaritza ere online formatura egokitu zen. Hasieran, Internet bidezko saioak antolatu zituzten hainbat eskola eta eragilek, eta, geroago, Bertsozale Elkarteak aurrez aurreko publikorik gabeko zenbait saio antolatu zituen, streaming bidez eskaini zirenak.

Ekainean amaitu zen itxialdia, eta plaza pixkanaka hasi zen berpizten. Geroztik, neurriak aldatzen joan dira, eta aretoetako tokiak mugatuta, distantzia zainduta eta musukoekin agurtuko du bertsolaritzak 2020 luze hau. Mungiako Kopla Barik zirkuituko azken saioa eta Bergaran urri amaieran eginikoa gogoratuko ditugu, adibidez.

Hitzetik Hortzera: larunbatean 21:00etan eta igandean 15:00etan, ETB1en; eta edonoiz, EITB Nahieran atarian.

Urtearen hasieran saio jendetsuak izan genituen.