Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Xiberoa, Lapurdi eta Baxenabarre

Xilaba iritsi da finalaurrekoetara, datorren larunbatean lehen saioa Baigorrin

2016/10/05
Irailaren 24an Donibane Lohizunen abiatu zen Xilaba, Muskilditik pasa ondoren, datorren larunbatean urriaren 8 iritsiko da Baigorrira. Bertan jokatuko den lehen finalaurrekoan Sustrai Colina, Odei Barroso, Miren Artetxe, Xumai Murua, Aitor Servier, eta Egoitz Zelaia bertsulariak neurtuko dira. Bixente Hirigarai arituko da gai-emaile lanetan Baigorriko Plaza Xokon. Saioa 17:00etan hasiko da. Sarrerak bertan izanen dituzue salgai.

Larunbatean jokatuko da Xiberoa, Lapurdi eta Baxenabarreko bertsulari xapelketaren bosgarren edizioko lehen finalaurrekoa. Baigorriko herriak hartuko du Xilaba.

Bertsulariak:

Sustrai Colina

Zuzenbidean lizentziatua da. Kazetaritza lanak egiten ditu. Hendaiako bertsu-eskolan ibilitakoa da, ikasle hasieran, erakasle gero. Lau aldiz finalista izan da Bertsolari Txapelketa Nagusian. 2014. urteko XILABA xapelketako xapelduna da eta xapelketa hontan bere bostgarren partehartzea izanen du. 

Odei Barroso

Urruñakoa da eta Azkainen bizi da. Bertsularitza eskolak ematen ditu Xibero, Lapurdi eta Baxenabarreko ikastoletan eta bertsu-eskoletan. 13 urterekin hasi zen bertsutan, eta Hendaiako bertsu-eskolan ibilia da. Bi aldiz hartu du parte Txapelketa Nagusian, eta bostgarren aldiz parte hartuko du Xilaban.

Miren Artetxe

Lasarten jaio zen 1985. urtean, eta haurra zela joan zen Hendaiara bizitzera. Euskal Filologia egin zuen Gasteizen, eta Bartzelonan jarraitu zituen ikasketak. Bertso-eskoletan erakasle aritu izan da lanean. Txikitan eman zuen izena Hendaiako ikastolako bertsu-eskolan, eta geroztik bertsularitzak leku bat izan du beti bere bizitzan. Bi aldiz hartu du parte Txapelketa Nagusian, eta laugarren aldiz parte hartuko du Xilaban

Xumai Murua

Jaiotze data:1985/01/17 Sorlekua: BAIONA (Lapurdi) Ofizioa:Gorputz Heziketako erakasle Bizilekua:AZKAINE (Lapurdi) Bertsuzaletasuna etxean jasoa, bertsu-eskoletan ibilia, geroztik plazaz plaza ari. Aurten bostgarren aldiz parte hartuko du Xilaban.

Aitor Servier

Azkaindarra da eta 19 urte ditu. Donibane-Lohizuneko ikastolako bertsu-eskolan hasi zen 9 urterekin. Hendaiako eta Etxepareko bertsu-eskoletatik igaro ondotik, gaur egun Larraldeako bertsu-eskolan dabil. Eskolarteko xapelketan eta gazte sariketetan hainbat aldiz parte-hartu eta sari batzuk jaso ditu. Bigarren aldiz hartuko du parte Xilaba xapelketan.

Egoitz Zelaia

Hendaiarra, 1982ko azaroaren 24an jaio zen Donibane Lohizunen. Euskal Ikasketak kurtsatua, bertsu-eskoletako irakasle bezala dabil. Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko Ikerkuntza arduraduna izan da, eta egun Bertsularien Lagunak elkarteko Ikerkuntza arduraduna da. Hernandorena eta Bagare bezalako sariketetan finalista izan da. Xilaban hau du 4. parte-hartzea.

Gai-emailea Bixente Hirigarai izanen da.

Egin beharreko lanak:

11na bertsu puntuagarri

  • Agurrak.
  • 8ko handian ofiziotan binaka, hiruna bertsu.
  • 8ko ttikian ofiziotan binaka, hiruna bertsu.
  • Banaka, gaia emanda bina bertsu.
  • Kartzela, 10eko ttikian ofiziotan binaka, hiruna bertsu.
  • Agurrak.

Sarrerak:

Saioa Baigorriko Plaza Xokon izanen da arratsaldeko 17:00etan hasita. 

Kanporaketa eta finalaurrekoetako sarrerak leihatilan eskuratu ahal izango dira egunean bertan.

Finaleko sarrerak eskuragarri egonen dira www.bertsosarrerak.eu atarian zein Xiberoa, Lapurdi eta Baxenabarreko hainbat puntutan.

Xapelketari buruzko informazio osoa www.bertsozale.eus/xilaba eta www.bertsoa.eus atarietan jarraitu ahal izango da.