Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Xiberoa, Lapurdi eta Baxenabarre

Muskildiko saioa paztetxak bezain ona!

2016/10/02
Muskildin jokatu da larunbat huntan 2016ko Xilabako bigarren ta azken kanporaketa. Muskildiko Posonpesenean bilduak ziren 150 bertsuzaleek bertsulari hauen entzuteko parada izan zuten: Aitor Servier, Xumai Murua, Eneritz Zabaleta, Maddi Sarasua, Battitt Crouspeyre eta Ortzi Idoate.

Saioa hasteko, 8ko haundian, elgarrizketa pollita izan zuten Aitor eta Eneritz erakasleek, bat erretretara zoala eta bestea, semea, ofizio berean hastear. Bidea ezberdina izanik ere, helmuga berari begira kokatu ziren. 8ko ttipian gogoan egon zaigu Xumai, entrenatu gabeko trailaria Larrungo patarretan gora ari zela, osoki prestatua Eneritzi oraindik etzuela gibelean utzia gogorarazten. Battitt eta Maddik osatu zuten ofizioan berriz, sortu berriak ziren haurren aitak zirenean, opor egunak familian iragan nahi zituenak ihizira zoanari haurrari plastikazko eskopeta eskaintzea gomendatu zion. Puntu erantzunak eta hitza izan zituzten ondotik egin beharreko lanak eta besteak beste, Xumaik "hilabetekoak" hitzari, Aitorrek "azala"-ri, , ta Maddik "arbela"-ri kantatutakoa izan ziren tarteko. Kopletan entzun ziren lanak fresko ta irringarriak izan ziren. Aitor eta Xumai biharamuneko ezkontzarako erosi beharreko kravataren kolorearekin dudan agertu ziren. Battitt eta Eneritzek berriz, Mauleko apartamendu batean alokatze garaia bukatu aintzineko itzulia egiten zutela, tokiko erreferentziz emokatu zuten kantua, Pitxu, kantiniertsa ta Zinkako gora beherak aipatuz, xiberotar publikoa loriatuz. Ortzi eta Maddi azkenik, Ortzik erretretan denetik lanetik sartzen den Maddi emazteari egunero prestatzen dakon arroltze moletaren kolesterola eta bíper beltza zuten aipagai, Ortzik zonbeit hilabete barne barazkien kozinatzen ikasiko zuela hitzemaiten zuela

Azken agurrak izan ziren bai alai ta bai hunkigarri, Ortzik duela bi urte zendu zen Aitor Renteria bertsuzalea gogoratu zuenean hain zuzen ere. Ondotik ezagutu ginuen saioko sailkapena eta finalaurrekoetara joanen diren 9 bertsularien izenak. Muskildi Bizi elkartearen talo goxoekin aserik joan ginen etxera, urriaren 8an Baigorrin iraganen den saio entzuteko gogo biziz. Plaza Xoko gelan kantatuko dute arratsaldeko bostetan bertsulari hauek:

- Sustrai Colina

- Odei Barroso

- Miren Artetxe

- Xumai Murua

- Aitor Servier

- Egoitz Zelaia

Ta finalaurrekoetako lehen itzuliko bigarren saioa jokatuko da Izturitzeko Herriko Gelan, urriaren 15ean, arratsaldeko 5etan, bertsulari hauekin: 

- Maddalen Arzallus

- Amets Arzallus

- Eneritz Zabaleta

- Ramuntxo Christy

- Nahia Sasco

- Maddi Sarasua