Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Xiberoa, Lapurdi eta Baxenabarre

Larunbatean ospatuko da Izturitzen XILABA xapelketako bigarren finalaurrekoa

2016/10/11
Irailaren 24an Donibane Lohizunen abiatu zen Xilaba, Muskilditik eta Baigorritik pasa ondoren, datorren larunbatean urriaren 15 iritsiko da Izturitzera. Bertan jokatuko den bigarren finalaurrekoan Maddalen Arzallus, Amets Arzallus, Eneritz Zabaleta, Ramuntxo Christy, Nahia Sasco, eta Maddi Sarasua bertsulariak neurtuko dira. Iban Falxa arituko da gai-emaile lanetan Izturitzeko Herriko gelan. Saioa 17:00etan hasiko da. Sarrerak bertan izanen dituzue salgai.

Larunbatean jokatuko da Xiberoa, Lapurdi eta Baxenabarreko bertsulari xapelketaren bosgarren edizioko bigarren finalaurrekoa. Izturitzeko herriak hartuko du Xilaba.

Bertsulariak:

Maddalen ARZALLUS

1990eko abenduaren 27an jaio zen Donibane Lohizunen eta Hendaian bizi izan da beti. Itzulpengintza eta Interpretazioko ikasketak egin ditu Gasteizen, eta itzultzailea da gaur egun. Xapelketa ezberdinetan parte hartu du: Eskolartekotan (2001–2007). XILABA xapelketan 2008-an, finalista izan zen eta ondoren 2009-an Euskal Herriko Txapelketan parte hartu zuen. 2014. urteko XILABA xapelketan bigarren gelditu zen. Bat-Bateko zenbait sariketetan ere parte hartu izan du: Hernandorena sariketa, Berritxu saria, Osinalde, Abra...

Amets ARZALLUS

1983. urtean jaio zen Hendaian. Kazetaria  da. Hendaiako bertsu-eskolan ibilitakoa da, ikasle hasieran, erakasle gero. Hiru aldiz finalista izan da Bertsolari Txapelketa Nagusian, eta 2013. urtean lortu zuen Euskal Herriko xapelduna izatea.XILABA xapelketan hiru aldiz xapelduna izan da, 2008, 2010, eta 2012. urtean. Aurtengoa XILABA xapelketan, laugarren partehartzea izanen du. 

Eneritz ZABALETA

Unibertsitateko irakaslea da. 11 urte zituela hasi zen bertsuzaletzen, eta geroztik, eskolarteko hainbat xapelketatan eta sariketatan parte hartu du. Lehen aldiz parte hartu zuen iragan Bertsolari Txapelketa Nagusian. Bosgarren aldiz parte hartuko du Xilaban.

Ramuntxo CHRISTY

Aiherran sortua, egun Amikuzen bizi da. Gaztetik senditzen zuen bertsu zaletasuna garatu du bertan, Mauleko bertsu-eskolan sartuz 2005an, eta Xiberoko Bertsu Ekartearen ardura eramanez. Euskal irratietan Punttuka bertsularitzari buruzko irratsaioa animatu du Xan Alkhatekin. XILABA xapelketan parte-hartzen du 2010a geroztik. Ofizioz mekanika injenidore.

Nahia SASCO

Lekuinekoa da eta 18urte ditu. 9urterekin hasi zen bere herriko bertsu-eskolan, ondotik Kanbo eta Baionako bertsu-eskoletan ibili aitzin. Eskolarteko xapelketan parte hartu izan du azken urte horietan eta aurten, lehen aldiz kantatuko  du Xilaba xapelketan.

Maddi SARASUA 

Ikaslea da. 11 urterekin hasi zen bertsu-eskolan, Uztaritzeko ikastolan. Baiona lizeoko bertsu-eskolan ibili zen, gaur egun Gazteizen da ikasketak egiten. 2012ko Xilaba xapelketan laugarren egin zuen, eta ondoren Txapelketa Nagusian lehen aldiz parte hartu zuen. Hau bere hirugarren XILABA xapelketa da.

Gai-emailea Iban Falxa izanen da.

Egin beharreko lanak:

11na bertsu puntuagarri

  • Agurrak.
  • 8ko handian ofiziotan binaka, hiruna bertsu.
  • 8ko ttipian ofiziotan binaka, hiruna bertsu.
  • Banaka, gaia emanda bina bertsu.
  • Kartzela, 10eko ttipian ofiziotan binaka, hiruna bertsu.
  • Agurrak.

 

Sarrerak:

Saioa Izturitzeko Herriko Gelan izanen da arratsaldeko 17:00etan hasita.

Kanporaketa eta finalaurrekoetako sarrerak leihatilan eskuratu ahal izango dira egunean bertan.

Finaleko sarrerak eskuragarri egonen dira www.bertsosarrerak.eu atarian zein Xiberoa, Lapurdi eta Baxenabarreko hainbat puntutan.

Xapelketari buruzko informazio osoa www.bertsozale.eus/xilaba eta www.bertsoa.eus atarietan jarraitu ahal izango da.