Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Xiberoa, Lapurdi eta Baxenabarre

Jarraitu Xilabako finala zuzenean

2016/11/11
Irrati, telebista zein Interneten izango da bihar Baionan jokatuko den Xilabako finala ikusteko edota entzuteko aukera.

17:00etan hasiko da bihar Baionako Lauga aretoan Xilaba Bertsulari Xapelketako finala: Sustrai Colina, Amets Arzallus, Odei Barroso, Miren Artetxe, Maddalen Arzallus eta Xumai Murua ariko dira oholtza gainean. Sarrerak www.bertsosarrerak.eus atarian daude eskuragai eta leihatilan bertan ere erosi ahal izango dira. 

Hara joateko aukerarik ez edukiz gero, Xilabako finala jarraitzeko beste hainbat modu izango da. Batetik, telebistan zuzenean eskainiko da: ETB4en emango da saio osoa 17:00etan hasita, eta ETB1en buruz burukotik aurrerakoak eskainiko dira 21:00etatik aurrera. 

Era berean, Euskal Irratiek, Info 7k eta Euskadi Irratiak ere emisio berezia egingo dute zuzenean. Eta, Interneten, www.bertsoa.eus atariaren bidez jarraitu ahal izango da finala. 

Hurrengo egunean, Hitzetik Hortzerak Xilabaren laburpena eskainiko du 15:00etatik aurrera eta astelehenean, www.bertsoa.eus atariak bertsoaldien hautaketa zintzilikatuko du.

Telebistan, irratian zein Interneten izango da Xilaba jarraitzeko aukera