Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Xiberoa, Lapurdi eta Baxenabarre

Donibane Lohizunen abiatutako XILABA, datorren larunbatean Baionako helmugara iritsiko da

2016/11/08
Irailaren 24an Donibane Lohizunen abiatu zen XILABA, datorren larunbatean azaroaren 12an iritsiko da Baionako helmugara. Bertan jokatuko den Finalean, Amets Arzallus, Maddalen Arzallus, Miren Artetxe, Odei Barroso, Sustrai Colina, eta Xumai Murua bertsulariak neurtuko dira. Joana Itzaina arituko da gai-emaile Baionako Lauga gelan. Epaile lanetak sei kide izanen dira bertsularien lanak neurtzeko ardura ukanen dutenak. Eta aurten, Panpili Trekuk, Mattin Treku bertsularien semeak, jantziko dio xapela xapeldun berriari.Saioa 17:00etan hasiko da.

Larunbatean jokatuko da Xiberoa, Lapurdi eta Baxenabarreko bertsulari xapelketaren bosgarren edizioko Finala. Baionako herriak hartuko du XILABA. Bertan erabakiko da, nor izanen den 5. XILABA xapelketako xapelduna, eta baita ere nortzuk izanen diren XiLaBa ordezkatuko duten bertsulariak datorren urtean ospatuko den Euskal Herriko Bertsolari Txapelketan. Aurten, Panpili Trekuk, Mattin Treku bertsularien semeak jantziko dio xapela xapeldun berriari. Aurtengo Finalean ere, orain dela bi urte bezala, Txato Saria emanen da. Sariak, finaleko bertsularien artean kantaera aberatsena erabiltzen duen bertsularia saritzea izanen du helburu. Sari honetarako kontuan hartuko diren ariketak, 6 bertsulariek egin beharko dituztenak izanen dira, hots, buruz-burukora arteko saioa. Eta horretarako, hiru epaimahaikide ezin egokiagoen laguntza izanen dugu : Mixel Aire « Xalbador » bertsulari baxenabartarra (kantaera ederragatik ere ezaguna), Pantxika Solorzano, kantari eta musikari lapurtarra, eta Mixel Etxekopar bertsulari xiberotarra, euskal kantagintzako ahots ezaguna eta ibilbide luzekoa.

Bertsulariak:

Amets Arzallus

1983. urtean jaio zen Hendaian. Kazetaria  da. Hendaiako bertsu-eskolan ibilitakoa da, ikasle hasieran, erakasle gero. Hiru aldiz finalista izan da Bertsolari Txapelketa Nagusian, eta 2013. urtean lortu zuen Euskal Herriko xapelduna izatea.XILABA xapelketan hiru aldiz xapelduna izan da, 2008, 2010, eta 2012. urtean. Aurtengoa XILABA xapelketan, laugarren partehartzea izanen du.

Maddalen Arzallus

1990eko abenduaren 27an jaio zen Donibane Lohizunen eta Hendaian bizi izan da beti. Itzulpengintza eta Interpretazioko ikasketak egin ditu Gasteizen, eta itzultzailea da gaur egun. Xapelketa ezberdinetan parte hartu du: Eskolartekotan (2001–2007). XILABA xapelketan 2008-an, finalista izan zen eta ondoren 2009-an Euskal Herriko Txapelketan parte hartu zuen. 2014. urteko XILABA xapelketan bigarren gelditu zen. Bat-Bateko zenbait sariketetan ere parte hartu izan du: Hernandorena sariketa, Berritxu saria, Osinalde, Abra...

Miren Artetxe

Lasarten jaio zen 1985. urtean, eta haurra zela joan zen Hendaiara bizitzera. Euskal Filologia egin zuen Gasteizen, eta Bartzelonan jarraitu zituen ikasketak. Bertso-eskoletan erakasle aritu izan da lanean. Txikitan eman zuen izena Hendaiako ikastolako bertsu-eskolan, eta geroztik bertsularitzak leku bat izan du beti bere bizitzan. Bi aldiz hartu du parte Txapelketa Nagusian, eta laugarren aldiz parte hartuko du Xilaban.

Odei Barroso

Urruñakoa da eta Azkainen bizi da. Bertsularitza eskolak ematen ditu Xibero, Lapurdi eta Baxenabarreko ikastoletan eta bertsu-eskoletan. 13 urterekin hasi zen bertsutan, eta Hendaiako bertsu-eskolan ibilia da. Bi aldiz hartu du parte Txapelketa Nagusian, eta bostgarren aldiz parte hartuko du Xilaban.

Sustrai Colina

Zuzenbidean lizentziatua da. Kazetaritza lanak egiten ditu. Hendaiako bertsu-eskolan ibilitakoa da, ikasle hasieran, erakasle gero. Lau aldiz finalista izan da Bertsolari Txapelketa Nagusian. 2014. urteko XILABA xapelketako xapelduna da eta xapelketa hontan bere bostgarren partehartzea izanen du.

Xumai Murua

Jaiotze data:1985/01/17 Sorlekua: BAIONA (Lapurdi) Ofizioa:Gorputz Heziketako erakasle Bizilekua:AZKAINE (Lapurdi) Bertsuzaletasuna etxean jasoa, bertsu-eskoletan ibilia, geroztik plazaz plaza ari. Aurten bostgarren aldiz parte hartuko du Xilaban.

Gai-emailea Joana Itzaina izanen da. Bosgarren aldiz arituko da aurkezle lanetan XILABAN . 

Sei epaile izanen dira bertsularien lanak neurtzeko ardura ukanen dutenak.

Egin beharreko lanak:

Seikotearen lana (15na bertsu puntuagarri)

  • Agurrak.
  • 8ko handian ofiziotan binaka, hiruna bertsu.
  • 8ko ttikian ofiziotan binaka, hiruna bertsu.
  • Banaka, 3 punturi erantzun.
  • 10eko ttikian ofiziotan binaka, hiruna bertsu.
  • Kartzelan bakarka, gaia emanda hiruna bertsu doinu eta neurri librean.

Buruz burukoa (9na bertsu puntuagarri)

  • 6ko mozean ofiziotan, hiruna bertsu.
  • 8ko ttikian ofiziotan, hiruna bertsu.
  • Kartzela bakarka, gaia emanda hiruna bertsu doinu eta neurri librean
  • Agurrak

Sarrerak:

Saioa Lauga Gelan izanen da arratsaldeko 17:00etan hasita.

Finaleko sarrerak leihatilan eskuratu ahal izango dira egunean bertan. Aitzinetik erosteko, sarrerak eskuragarri daude www.bertsosarrerak.eu atarian, zein Xiberoa, Lapurdi eta Baxenabarreko hainbat puntutan.

Xapelketari buruzko informazioa www.bertsozale.eus/xilaba eta www.bertsoa.eus atarietan jarraitzen ahal da.