Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Xiberoa, Lapurdi eta Baxenabarre

Silabaz Xilaba

Pittaka egiten duen euria omen da emankorrena lurrarentzat; ez asteetako idortea, hitzen agortea, oroitzapenen ahanztura, eta kolpeko uharra ere ez, egun bateko betekada, arrakastaren sukarra. Laugarrenak ez du lehenaren distirarik edo bigarrenaren xarmarik, baina bidean goazela erran nahi du, hasi ginela eta ez dugula etsi, urraska aitzina ari garela, emeki baina segurki. Silabaz silaba bertsoa osatu arte.

Eta bide horretan ez gara bakarrik. Herria eraikitzeko bide hori aspaldi abiatu zuten, besteak beste, herrietako kultur elkarteek. Aurten ere elkarte horien bidelagun izan nahi dugu, beren ondoan joatearen epela sentitu eta urrats bat gehitu Herri honen ibiliari, gure maneran, silaba bat erantsiz bertsoari.

Baitakigu txapelketa antolatzea urrats bat baizik ez dela, bidearen zati bat, euskara Herriarena eta bertsoa euskararena bezala. Lehia bertsolaritzaren pizgarri da une hauetan, bertsozaletasunaren bultzatzaile eta bertsogintzaren legami, bertso-eskolen animatzaile eta bertsolarien akuilu. Ongi baliatzen jakin behar den tresna, hori bai, baina baitezpadako osagai, bidean ibiltari izatearen harrotasuna ematen diguna.

Gu bide horretan ez gara errexki akituko. Bidelagun ditugun elkarteek iraun duten bezala, lekukoa belaunaldiz-belaunaldi pasatuz eta epe laburreko izpiekin itsutu gabe, guk ere iraunen dugu, egiten dugunarekin gozatzen dugulako, bertso bakoitza plazer bat delako guretzat. Eta Herri honengan sinesten dugulako.

Goza dezagun denek, goxa gaitezen !

Silabaz Xilaba