Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Xiberoa, Lapurdi eta Baxenabarre

Xapela Sustrai Colinarentzat

2014/11/15
1450 bertsozale elkartu gara gaur Baionako Lauga gelan Xiberoa, Lapurdi eta Baxenabarreko bertsulari xapelketaren finalaz gozatzera. Saio ederra izan da. Sustrai Colinak eta Maddalen Arzallusek jokatu dute buruz burukoa eta, Sustrai Colinak batu ditu puntu gehien. Jarraian, hurrenez-hurren, Odei Barroso, Eneritz Zabaleta, Xumai Murua eta Ramuntxo Christy geratu dira. Txomin Ezpondaren eskuetatik hartu ditu xapeldunak makila eta xapela. Jatsuar bertsularia, urte luzeetan plazaz plaza bapatean kantatzen ibilia, gure lurraldeetako bertsularitzaren transmisioaren aktore ezinbestekoa da. Txato Saria Odei Barrosorentzat izan da.

Puntuazioa:

Sustrai Colina                         816,5
Maddalen Arzallus                 763
Odei Barroso                          457,5
Eneritz Zabaleta                     449
Xumai Murua                          437
Ramuntxo Christy                   435

Ariketaz ariketako puntuazioa hemen

Txato Saria Odei Barrosorentzat

 Aurtengo Xilabarako gai prestaketaren abenturan, lagun on batek utzi gaitu bidean: Aitor Renteria “Txato”-k. Haren ekarpenak gure artean jarraitzen duenez, gaurko saioan sari berezia eskaini da saioan zehar kanta era politena, doinutegi aberatsena eta edukia eta doinua hobekien lotu dituenari. Txato saria nork eramanen duen hautatzeko, epaimahai berezia izan da laguntzaile: Pantxika Solorzano, Jojo Bordagarai eta Mixel Aire “Xalbador”.

Bertsularien Lagunak Elkarteak eskerrak luzatu nahi dizkie xapelketan bidaide izan diren guztiei

Bertsolariei, epaileei, gai-jartzaileei zein antolakuntzan parte hartu duten guztiei.

Saioz saioko ibilbidean zehar bidelagun izan ditugu herrietako elkarte kulturalei: Muskildin Muskildi Bizi, Aiherran Beltzuntze, Larresoron Otelore eta Aiziritzen Zabalik elkartea.

 Nola ez, eskerrak baita ere xapelgoa hartu duten herrietako etxeei: Muskildi, Senpere, Aiherra, Larresoro, Aiziritze eta finala hartu duen Baionako herriko etxeari.

Gaurko saioari lotuta, bereziki aipatu nahi ditugu Bernat Etxepare Lizeoko bertsu-eskolako kideak borondatezko lanean laguntzaile fin izan ditugulako.

 

AGURRAK

 

Txato Saria Odei Barroso:

Mila zorion Sustrai
poz bat da denontzat
gaur kantakera inork
hartu badit ontzat
bere tantak ditu ron
botila bakoitzak
batzen gaitu bizitzak
nola heriotzak
aio uzkian olio
ta gora bihotzak.

 

Sustrai Colina: Txapeldunaren agurra:

 Nahiz ez dakidan aski handia den
zuk guri utzia biltzeko
Txato zuretzat doa txapela
goizegi baitzen hiltzeko
zuri ohore eta milesker
bertsozale bihotzeko
pribilegiatu sentitu bainaiz
bertso-saio bakoitzeko
ez baitut txapel beharrik izan
maitatua sentitzeko