Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Xiberoa, Lapurdi eta Baxenabarre

Silabaz Xilaba, Muskilditik abiatuta !

2014/10/05
200 jendez gora hurbildu zen Muskildi Posonpesenerat larunbat arratsalde honetan, Sustrai Colina, Xan Alkhat, Egoitz Zelaia, Aitor Servier, Mixel Etxekopar eta Gillen Hiribarren kantuan entzuteko. Saioa arratsaldeko 5etan hasirik, bizi bizia iragan zen. Hala nola, astiriko 7etan entzulegoa emaitzak entzunik, Muskildi Bizirik elkartearen talo ta edarien goxatzera ateraia zen.


Mixel Etxekoparren agurreko doinu hunkigarriak eramanik, 8ko haundian firurika sartu zen saioa. Xanek bidaiez bisitatutako Etiopiako sufrimenduak eta Egoitzek herri hari eman beharreko laguntza kantatu zituzten. Sustrai eta Gillen AEKko ikasle berri ta oraindik ere frantsesez ari zaion auzo euskaldunaren errolean eman ziren ondotik, baita Sustraik gaia baliatu Xalbadorri begi klixka baten egiteko « ene frantsesa konprenitzeko euskara jakin behar da » kantatuz, Gillenek « Sustrai mihirat luzatu zazu bihotz barnean duzuna » kontseilatzen zaionean. Aitor eta Mixelek berriz, maitasunaren sua itzalia duen berexteko dudan den 65 urteko bikotearen errolean sarturik, elgarrizketa polita eskaini zuten. Aitorrek « Ene kezka da nik maitasunik ezin dizudala eman » kantatuta, Mixelek  « Ohit zite nula abesten zünin oi eijerra zira prima !» ihardoki zion. Kasualitatez, kanpoan eztei bateko otoen tutak entzuten zirela, gertatu zen Xilabako laugarren edizioko parte hartzailerik adindunen eta gazteenaren arteko ofizioa, ezkontza solas.

 Irria ezpain xokoan pasa zen orduan entzulea ttipiko ariketara, hor ere umorerik ez baitzen eskas.

Sustrai eta Egoitz autopartekatze webgune bat dela medio oto berean gertatu eta Sustraik « etzaude harrapatuta zu zaude galduta » kantatu eta, Egoitzek bere « presondegietako T-shirta » aipatu eta publikoaren irria lortu zuen. Mixel eta Xanen arteko galtza laburtze solasa kasik absurdoraino joan zen, Mixelek « berriz lüza itzarak ta hortan dük kitto » bota arte. Goizeko 4etan Coucou des bois diskotekan zenbiltzan Mauleko errugbi taldeko trebatzaile eta jokalariaren arteko elgarrizketa burutu zuten azkenik Aitor eta Gillenek, Gillenek biharamuneko partidoko entseguak aipatzean « Baina eztut hitzemaiten baten markatzea » erran eta, Aitorrek galtzeko zorian zituen punduak aipatu zizkion, « bihar partidukoak ta gaur autokoak » gehituz.

Ofizio arin horiek utzi zuten lekua gero bakarkako laneri. Bertsulari bakotxak, 2 punturi erantzun eta hitz bati gehienez 5puntuko bertsua kantatu behar izan zion. Sustraik puntueri kasik ametsetarik erantzun eta, bihurguneen balorea ekarri zigun gogora, xuxen doanak hartzen duen arriskua mihian. Xanek « ikasten lanean ta ikasten bertsoan » ari zela aitorturik, « Euskal Herrian otso gehiegi baitabil gure artean » oroitaraziz bukatu zuen otsoa hitzari eman bertsua. Egoitzek sakeletako diruarekin « bizioeri eman baitaikioke musu » erranik, hautua erabaki bilakatzen den unea gogoratu zigun. Aitorrek bakea presoen etxeratzearekin etorriko zela kantatu eta, Frantziak Seaskari egin nahi dion hilkutxa izan zuen aipagai, bainan eskelaren tenorea etorria ez dela oroitaraziz. Mixelek lehen hitza xorien txioa izan zuela xixtukaturik, Oteizaren hutsaren konzeptoari kantatu zion. Azkenik, Gillenek oporretarako « mendia da nahikoa eder ta sanoa » bota eta, borrokarako burdinaren beharra izan zuen aipagai.

Azkenik, kartzela ofiziotan osatu zuten, eskolako pestara lanera jina den pailasoa eta irriz arizan ez den haurra arizan ziren kalakan. Saioa umorez bukatzeko parada eman zien gaiak bertsularieri, eta baita bertsulariek publikoari. Hiru ofiziotatik bitan Porrotxen figura erreferentzi gisa hartzen zutela. Gillen eta Mixelek orduan, ofizio hunkigarriagoa sortu zuten bukatzeko.

Saioari bukaera eman zion Maia Etxart aurkezleak, saioko puntuazio eta sailkapenak emanez.

Muskilditik ordea, Sustrai da zuzenki finalerdietarako sailkatu, Larresoron kantatzeko hain zuzen ere, urriaren 26an, igandez. Gaineratikoek kanporaketak bukatzea goitatu beharko dute, bigarren saio batean kantatuko dutenez jakiteko.

Muskildi xilaba14