Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Xiberoa, Lapurdi eta Baxenabarre

Eneritz irabazle 4. XILABA xapelketaren bigarren final-erdian

2014/11/03
Aiziritzeko herriko gelan jokatu zen aurtengo XILABAko bigarren eta azken kanporaketa. Kantuan Eneritz Zabaleta, Patxi Iriart, Egoitz Zelaia, Aitor Servier, Maddalen Arzallus eta Ramuntxo Christy bertsulariak aritu ziren Pettan Prebende gaiemailearen eskutik, eta saio ederra eskaini zuten han bildu ziren ia hirurehun entzuleen gozamenerako. Arratsaldeko 5etan ekin zioten bertsulariek kantuari eta astiriko 7 terdietan entzulegoa Zabalik elkartearen talo eta edarien goxatzera ateraia zen. Ordurako erabakia zen zein bertsularik kantatuko duten azaroaren 15eko finalean.

Antzerki tradizioa duen herria da Aiziritze, eta hastapenetik senti zitekeen oholtzatik entzulegoaren arreta berezia. Azken finalerdia izanik, pentsa zitekeen presioa somatuko zela, nola bertsulariengan, hala entzuleen artean. Alta, bertsulariek giro goxoan hasi zuten saioa lehen agurretik. Ramuntxo Christyk agurrean erran zuen gisara, azken karta bat zuten seiek oraino jokatzeko, eta “gaur ikusiko izanen denez erregea ala astoa”. Larrazkeneko freskotasunak goxatzera egin zuen, saioa aitzinatu ahala.

Eneritz eta Patxi izan ziren lehenak zortziko handian kantatzen. Biak gurasoak ziren, eta haien alabak, lizeora pasatzeko momentuan, erran die ez duela euskaraz ikasten segitu nahi. “Euskara utzi nahi baldin badu, zerbait gaizki egin dugu” bota zuen Zabaletak lehen bertsuan. Patxik umoretik heldu nahi izan zion gaiari eta “euskaraz eta frantsesez berdin, ez du ikasten segitu nahi” erantzun zion. Zabalik elkarteak antolatu ohi dituen soziolinguistika ikastaroak gogoan balitu bezala, “Baina, zergatik ote ditu gaur konplexu horiek gainean?” galdetu zuen baionarrak segidan. Patxik ez zion seriotik erantzun nahi, ordea, eta berean jarraitu zuen: “bi hautu ditu, Etxepare edo akademi militarra”. Umorez bukatu zuten saioa, eta hala hasi zuen bere lana bigarren bikoteak ere. Egoitz eta Aitor ustekabean uholdeak harrapatu zituen, eta salbatzeko asmoz, autoaren gainera igotzea kausitu zuten. Laguntzaren behar direla, Aitorrek maitasun aitorpen bat egin zion bertsukideari: “Baina, hauxe da amesten nuen heriotze perfektua / zure ondoan igarotzea ene azken momentua”. Urrats bat gibelera egin zuen Egoitzek, “elkarrengana hurbiltzeko 're momentua ez da orai” ihardetsiz, baina, Aitorrek urrats bat aitzina, berriz ere: “bai hurbil zaite, sentitu nahi dut zure besoen epela / salbatuz gero erranen dugu maitasunagatik dela”. Egoitzek arrapostu bikaina eman zion hirugarren bertsuan, helikopteroa heldu zela eta, barnean zen suiltzailearekin joan nahi zuela erran zion Aitorri: “zu bitartean gera zaitezke zure maitasunarekin”. Algaraka bukatu zen bi bertsularien jarduna. Serioskiago kantatu zuten Maddalen eta Ramuntxok: bi aitatxi ziren, azken urteetan ostiral guziz elkartzen direnak merkatuan itzuli bat egin eta musean aritzeko. Duela bi urte bospasei lagun ziren, iaz lau, eta orai biak bakarrik gelditzen dira. “Ze eginen duzu, Ramuntxo lagun ni faltako naizenean?” galdegin zion Maddalenek azken bertsoan, eta erantzunez Ramuntxok: “zure arrahaurrer kondatuko dut zu zoin gizon ona zinen”.

Zortziko ttipiko lanek eskaini zuten saioan zehar irri egiteko parada gehien, ohikoa den bezala. Patxi eta Egoitz izan ziren lehenak kantuan. Kolokazioan bizi dira, hots pisukideak dira, eta supermerkatuko kutxan egin dute topo. Patxik ur botoila, fruituak eta barazki biologikoak ditu esku artean, eta Egoitzek, aldiz, pizza, xokolatea eta coca-cola. “Egoitz zu pisu zira kide baino gehio” bota zion Patxik Egoitzi. Honek ederki ideki zuen bidea, erranez ez aritzeko mar-marka, “zeren gero enetik jaten baituzu zuk”. Iriartek arrapostu bikaina eman zion orduan, erranez baietz, jaten zuela beretik “baina zuri kentzeko, zure onerako”. Irri karkailak entzun ahal izan ziren saioan zehar, baita Egoitzen azken bukaerarekin ere: “Eko-ilogikoa bilakatu zara” bota baitzion kantukideari. Baina, dudarik gabe, zortziko txikian zeresan handiena eman zuen saioa Ramuntxo eta Aitorrek osatu zutena izan zen. Biak ihiztariak izanik, Aitorrek, Ramuntxori deus erran gabe, xori-ikerle bat gomitatu du urtxotegira astearen pasatzera. Urtxotegira joan dira eta Ramuntxo topatu dute han. Lehen bertsuan lehertu zuen saioa Ramuntxok, bera besta egitera joana zela eta, “azaldu behar dakot orain dutan kezka / jakin behar duzu hau ez da Organbidexka” bota zuen, Iratiko oihanean xori-behaketarako famatua den mendi-lepoa aipatuz. Aitorrek, Ramuntxori segiz, ihiztarien inguruko estereotipoa baliatu zuen bere erantzutean, aipatuz ikerlea ekarri zuela “mozkortzeaz gain zerbait ikasi dezagun”. Umore finez aritu ziren bi bertsulariak, eta soka luzea ekarri zuen ofiziotako lan honek, saioan zehar.

Hamarreko ttipiko lanetan ere bi saio izan ziren bereziki azpimarragarriak. Horietako bat izan zen Ramuntxo eta Patxik osatu zutena. Bestan zirela, lagun batek borrokan hasi eta gazte bat larriki zauritu zuen. Polizia lekuko bila dabil egoeraren argitzeko. Ramuntxok dena kondatu nahi die, eta Patxik aldiz ez. Rol biziki markatuekin kantatu zuten bi bertsulariak. Ramuntxok gizon zintzoaren paperetik “ezingo dut nik hori bizi osoan gorde” aipatu zuen. Patxik aldiz, “baina nik ez dut entzun, nik ez dut ikusi / eta gainera zuen ederki merexi” bota zuen lehen bertsuan, eta bigarrenean “ez zaitela inketa ez da hila arrunt / ta salatzen baduzu xehatuko zaitut” bota zion. Ramuntxok orduan, poliziari salatuko ziola hori ere, eta Iriartek arrapostua edateko Ricard baso bat: “bihar goizeko duzu dena ahantzia”. Umore arina alde batera utzita kantatu zuten, sakon bezain goxoki, Maddalen eta Aitorrek hamarreko txikiko lanean. Bi aktore ziren, eta euskal gatazka gaitzat duen filma batean parte hartzea proposatu zieten. Aitor prest zen horretarako, eta Maddalen, aldiz, zalantzan. “Gure herriarentzat badu aski interes / gatazka kondatzeak artearen bidez” hasi zuen eztabaida Aitorrek, eta ederki ihardetsi zion Arzallusek: “min gehiegi eman dit errealitateak / ta ez du deus konpontzen askotan arteak”. Artearen, konpromezuaren eta memoriaren inguruko elkarrizketa bikainak segitu zuen orduan: “guk antzeztuko dugu soilik pasa zena” bota zuen Aitorrek, eta Maddalenek, bere txandan, argumentu ederra: “zineman ikusteak emango dit pena / zinemara joan gabe ikus daitekeena”.

Saioa bizi-bizi joanik, ohartzerako heldu zen kartzelako lanen tenorea ere. Bertsulariek sentimenduei buruzko bi punturi eman behar izan zioten erantzuna, eta ondoren gai bati bi bertsu bota. Puntuka bereziki txukun ibili zen Aitor Servier, baina azpimarratzekoa da orohar denek erakutsi zutela maila ona ariketa horretan ere. Bi bertsu botatzeko gaia honakoa izan zuten: “Atea hetsi duzu. Ez duzu sekulan hunarat itzuli nahi”. Bereziki ongi aritu ziren lan honetan ere Zabaleta, Arzallus eta Christy. Lehenak Frantsesezko seinale elebakarrak kentzeko kanpainan parte hartzeagatik atxiloturiko gazte baten paperetik kantatu zuen, bertsuak goitik behera ederki osatuz. Bigarrenak ere atxiloketa eta kartzelaratze baten kronika egin zuen. “Orduz geroztik eguna hotz da ta gaua ez da epela / orduz geroztik berdinak dira aitzina eta gibela / norberak bere giltzik ez duen ate bat baita kartzela” bota zuen lehen bertsuan. Bigarrena ere egoki osatu zuen hendaiarrak: “Ez da errexa errurik gabe kartzelara joatea / ta gutun bidez dudan maitasun apur hori ematea / zeinen latza den barru honetan direnekin gizartea / baina pasatu dira bi urte ta bukatu zait kaltea / lehen egunean nere parean itxi zidaten atea / orain atzean itxi didate, banoa eta bakea!”. Ramuntxo izan zen ariketa honetan kantatzen azkena, eta erabat harritu zuen publikoa. Doinu tristez, eta intriga atxikiz, zortziko ttipiko gaiari eman zion segida bere narrazioan: “barne hortan dut utzia arma, gorputz bat, arno basoa, / eta barnean senti dudana ez da bate erosoa / jasanezina bilakatu zaut zena toki hain goxoa”. Bigarren bertsuan argitu zion istorioaren trama, ordurako irribarrez begiratzen zion publikoari: Kabana huntan egoiten gira luzaz zerura begira / eta urtxoak kondatu itugu hamarretik hamabira / ikerle baten ekartzea zen gaur lagunaren desira / ertzotu naiz ni arma eskutan, parera so in eta tira / ez dakit zinez helburu hortan jina zen urtxotegira”. Umore bikainean bukatu zen beraz saio puntuagarria.

Eta hain xuxen, aurkezleak puntuazioak jakinarazi ahala hasi ziren kalkuluak entzuleen artean. Saioan hobekien puntuatua Eneritz Zabaleta baionarra izan zen, hurbil zituelarik Maddalen Arzallus eta Ramuntxo Christy. Hala, erabakia da nork kantatuko duen azaroaren hamabosteko finalean. Honako bertsulariek osatuko dute seikotea: Sustrai Colina, Eneritz Zabaleta, Maddalen Arzallus, Odei Barroso,  Ramuntxo Christy, eta Xumai Murua.