Xiberoa, Lapurdi eta Baxenabarre

Bertsulari Ttiki Eguna ospatuko da, Larzabalen eta Miarritzen

2015/05/18
Bertsularien Lagunak Elkarteak eta Seaskak elkarlanean antolatzen ditugun Bertsulari Ttiki ospakizunak ate joka dira. Maiatzaren 22an Larzabalen eta maiatzaren 29an Miarritzen ospatuko dira.

Egun honek, ospakizun baten inguruan, bertsu erakaskuntzaren bi zutabeak elkartzen ditu. Batetik, hezkuntza arautuko edo ikastoletako haurrak eta bestalde bertsu-eskoletan ibilki direnak. Gure eremuko ikastoletan urtean zehar bertsuak ikasten aritu diren 800bat haurrek parte hartzen dute, hiru lurraldetako 24 ikastoletarik jinak. 2014an bezala bi Bertsulari Ttiki Egun eginen dira, bat maiatzaren 29an Miarritzen kostaldeko ikastoletako haurrekin eta beste bat maiatzaren 22an Larzabalen, inguru horretako ikastoletako haurrekin. Aurten ere ez da bertsu idatzien sariketarik antolatuko. Goizean Ikastoletako haur guziek bertsularitza ikastaroetan egindako bertsu sortak kantatuko dituzte musikarien laguntzarekin, eta bi bertsularik bertsu emanaldia eskainiko diete.

Horrela, ikastoletako haur guziek izanen dute oholtzara igo eta bertsuak kantatzeko parada, lehiaketa baztertuz.