Xiberoa, Lapurdi eta Baxenabarre

Bertsulari Ttiki Eguna ospatuko da, Larresoron, Hendaian eta Aiziritzen

2016/04/25
Bertsularien Lagunak Elkarteak eta Seaskak elkarlanean antolatzen ditugun Bertsulari Ttiki ospakizunak ate joka dira. Apirilaren 29an Larresoron, maiatzaren 13an Hendaian eta maiatzaren 20an Aiziritzen ospatuko dira.

Egun honek, ospakizun baten inguruan, bertsu erakaskuntzaren bi zutabeak elkartzen ditu. Batetik, hezkuntza arautuko edo ikastoletako haurrak eta bestalde bertsu-eskoletan ibilki direnak. Gure eremuko ikastoletan urtean zehar bertsuak ikasten aritu diren 800bat haurrek parte hartzen dute, hiru lurraldetako 24 ikastoletarik jinak. Aurten hiru Bertsulari Ttiki Egun eginen dira, bat apirilaren 29an Larresoron, inguruko ikastoletako haurrekin, beste bat maiatzaren 13an Hendaian, kostaldeko ikastoletako haurrekin, eta hirugarren bat maiatzaren 20an Aiziritzen, inguru horretako ikastoletako haurrekin. Aurten ere ez da bertsu idatzien sariketarik antolatuko. Goizean Ikastoletako haur guziek bertsularitza ikastaroetan egindako bertsu sortak kantatuko dituzte musikarien laguntzarekin, eta bi bertsularik bertsu emanaldia eskainiko diete.

Horrela, ikastoletako haur guziek izanen dute oholtzara igo eta bertsuak kantatzeko parada, lehiaketa baztertuz.